Presoen etxerako bidea martxan jartzea aldarrikatuko dute

Guaixe 2021ko ira. 10a, 12:02
Arbizuarrak presoen etxera aldarrikatzen. ARTXIBOA

Gaur, 19:30ean, Altsasun manifestazioa eginen da. Bihar, 10:30ean, Arbizu eta Aulestiren arteko erronka jokatuko da eta Etxarri Aranatzen, 11:00etan, ‘1.231 km beyetz’ erronka osatuko dute. 

Izan bidea dinamikaren barruan, Sarek sakandarrak eskualdeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu. Gaur izanen da Altsasun, 19:30ean, Zumalakarregi plazatik abiatuta. Mobilizazioak Ibilian ibilian etxerako bidean leloa izanen du. Saretik azaldu dutenez, “atzean utzi nahi ditugu legea eskubideak urratzeko erabiltzen ziren garaiak. Atzean utzi aurrera egin nahi dugulako, aurrera egin presoak etxean izan arte. Eta, horretarako, denak behingoz, etxerako bidean jarri behar ditugu”. Aldarrikapen hori zabalduko dute Altsasun. 

Bestalde, bihar goizean bi erronkei aurre eginen diete Arbizun eta Etxarri Aranatzen. Arbizuarren eta aulestiarren arteko erronka 10:30ean hasiko da. Herritik Beriaingo ermitara igo eta jaistean datza erronka. Herri bakoitzeko korrikalari batek eginen du gorako bidea eta besteak jaitsierakoa. Guztira 16 km-ko ibilbidea eta 1.156 metroko desnibela. Korrikalariak iritsi ondoren, 12:30ean, Sarek antolatutako Nafarroako Itzuliaren aurkezpena eginen da, plazan. Bukatzeko, 13:00etan, Ibilian-ibilian, denak itxaa! lelopean kontzentrazioa eginen dute plazan. 

Etxarri Aranatzen joan den urteko erronka errepikatuko dute, eta sei preso etxarriarrak dauden espetxeetarainoko distantzia eginen dute. Horretarako, oinez, bizikleta estatikoan eta lasterka 1.231 km osatzea izanen da erronka. Gutxienez 80 pertsona ariko dira erronka osatzen, 11:00etatik 19:00etara ariko dira bere saioa egiten. Plazako zabalgunean ariko dira. Hura bukatzean auzatea eta kontzentrazioa eginen da. 

Nafarroako itzulia
Sarek Nafarroan presoen etxeratzearen aldeko mezua zabaltzeko herrialdea zeharkatuko duen martxa antolatu du, irailaren 29tik lastailaren 2ra. Lesakatik abiatuko da Berriozarrera iristeko. Helburua da, gelditu gabe, 72 ordutan, 352 kilometro osatzea, oinez. Antolakuntzak 74 errelebotan egitea aurreikusi du. Horretarako, Nafarroako herri edota auzoek 5 km-ko ibilbide zatiak osatu beharko dituzte. Errelebo bakoitzean gutxienez hamar pertsona aritzea nahi lukete Sareko kideek. 

Nafarroako Itzulia Sakanara Latasa aldetik iritsiko da, Irurtzunera, hilaren 30ean, ostegunean, 07:00ak aldera. Ibarrean martxak Lizarragara arteko bidea eginen du, portua igo eta Abartzuza aldera jotzeko.