Departamentuak autobus zerbitzua egokitu du

Guaixe 2021ko ira. 13a, 12:40
Autobusa Altsasurantz hartzen. ARTXIBOA

Lurralde Kohesiorako Departamentuak autobus bidezko bidaiarien zerbitzua emateko deialdia egin du. Hiriburuen arteko joan-etorria egiten duten zerbitzuez aparte, egun jakinetan Arakilgo herri batzuetatik Irurtzunera edo Ergoienatik eta Lizarragabengoatik Altsasura joateko aukera izanen da.

Erabilera orokorreko bidaiarien garraio publiko erregularreko zerbitzuak Nafarroako Gobernuak emandako kontzesioak dira. La Burundesak, Condak, Leizaranek eta La Mugiroarra enpresek Sakanan dituzten kontzesioak bukatuta daude. Horregatik, Lurralde Kohesiorako Departamentuak Iruñea, Altsasu eta Gasteiz arteko linearen kontzesioa emateko deialdia egin du; proposamenak egiteko epea larunbatean despeditu zen. Departamentuak egin duen lizitazioaren prezioa 1.635.837,75 eurokoa da (BEZ kanpo); bost urteko luzapen edo aukera guztiak barne 4.822.359,55 euro (BEZ kanpo). 

Populazioaren mugikortasun premiei erantzuteko, foru administrazioak egindako deialdian autobus eskaintza bi zerbitzu motatan egituratu du: ardatza diren zerbitzuak eta eskaera bidezkoak. Lehenen artean daude Iruñea eta Gasteiz edo Iruñea eta Ziordia arteko ibilbidea eginen dutenak. Astean zehar 16 bat zerbitzu aurreikusi dira. Bestetik, eskaera bidez funtzionatuko duten bi autobus linea daude. Lehenik, Hiriberri eta Ihabar ez beste, Arakilgo gainontzeko herriak Irurtzunekin lotuko dituena. Bigarrenik, Ergoiena eta Lizarragabengoa Altsasurekin lotuko dituenak. Azken bi horietan autobus zerbitzu hori astean hiru egunetan izanen da indarrean. 


Egituraketa hori egitean, Lurralde Kohesio Departamentuak, lehenik, herritarren interesekoak diren zerbitzuak dituzten eskualde buru jo ditu Irurtzun eta Altsasu. Gainera, hiriburura iristea bermatu nahi izan du, horregatik, autobus batetik bestera aldatzeko sistema ezarriko da arakildar, ergoendar eta lizarrengotarrendako. Horretarako, plazak bermatu beharko dira eta hori txartel bakarraren salmentaren bidez eginen da. Gainera, hainbat konpainiak ordutegi berdintsuetan zerbitzuak eskaintzea saihestu nahi du departamentuak.