Arakilgo eta Irurtzungo azoka bueltan da

Guaixe 2021ko ira. 10a, 13:14
Ekoizleen eta artisauen postuak jarriko dira Irurtzungo plazan. ARTXIBOA

Irurtzunen eginen da igandean, 10:00etatik 14:30era. Tokiko ekoizleen nekazaritza-merkatu gardena eta artisautza-merkatua; ez da azienda erakusketarik izanen. Udal antolatzaileendako “oso garrantzitsua da bizitzarako ezinbestekoak diren alderdiak ikusaraztea, bai osasuna bera, baita elikadura eta zaintza ere”.

Joan den urteko etenaren ondoren, zortzigarren aldiz Arakilgo eta Irurtzungo udalek azoka antolatu dute, “azoka gardena, segurua eta iraunkorra tokiko ekoizleekin. Nekazaritza jasangarria eta zaintzak plazaren erdigunean jarriko dituena” zehaztu dute udalek. “Ilusioz heldu diogu berriro Arakil ibarreko azoka tradizionalari. Gure helburua azokan parte hartzen duten eta azokaz gozatzera hurbiltzen diren pertsonen segurtasuna bermatzea da, horregatik, aurtengoan bi eremu nagusi mantenduko ditugu: tokiko ekoizleen nekazaritza-merkatu gardena eta artisautza-merkatua”. 

Udalek azaldu dutenez, “azken pandemia urte honen ondoren, zaintza-lanen eta ingurunea eta pertsonak zaintzen dituzten eta elikadura osasungarria eta irisgarria bermatzen duten nekazaritza eta abeltzaintzaren garrantzia egiaztatu dugu. Bi alderdi horiek, askotan, bigarren mailan geratzen dira, ikusezin bihurtuta; hala ere, osasun-krisiaren unerik gogorrenetan, agerian geratu da komunitatean eta pertsonen bizitzan duten zeregina”.

Azoka antolatuz, zaintzei eta era jasangarrian lan egiten duen lehen sektoreari “merezi duten zentraltasuna ematea premiazkoa” iruditu zaie; azokak “sinbolikoki baserritarrak plazaren erdigunera ekartzen ditu eta nekazaritza jasangarri eta sozialki justu baten balioak transmititzen ditu”, gaineratu dute. Horregatik guztiagatik, “azokan parte hartzera, plaza eta postuetara hurbiltzera, kontzienteki eta arduraz gozatzera eta elikatzen eta zaintzen gaituen nekazaritza sentitzera animatu” dute. 

Azokaz 
Igande goiz-eguerdian Irurtzun erdigunetik pasatzen direnek tokiko nekazari eta abeltzainen kalitatezko eta ekoizpen agroekologikoko produktuak dastatzeko aukera izanen dute. Hamabost erakusmahaitan, besteak beste, gazta, barazkiak, esnekiak, ogia edota eztia izanen dira salgai. Bestetik, Euskal Herriko tradiziozko artisautza sustatzeko elkarteko, Arbasoko hamahiru kidek beraien salmahaiak jarriko dituzte eta haietan, esaterako, jantziak, bitxiak, zurez edota larruz egindako produktuak eskuratzeko aukera izanen da. 

Azoka trikitilari eta gaitarien doinuez alaitua eginen da. Gainera, plazako frontoiak haurrendako jokoak hartuko ditu. Beti ere, osasun agintariek ezarritako prebentzio neurri guztiak betez. 

Aurreko urteetan bezala, azokaren aurretik, egitarau osagarria prestatu dute. Alde batetik, Arakilgo Bertako Barietateen Gida aurkeztu zuten atzo Itsasperri ermitan. Bestetik, bihar, larunbata, 19:30ean, Pikuxar elkarteak Tempraren guarpena dokumentalaren emanaldia hartuko du, baita emanaldi ondorengo solasaldia. Idoia Lahildalga Baglieto eta Oihane Puertas Ramirezen ikus-entzunezko horretan Erronkaribarreko hainbat herri eta belaunalditako lau emakumeren bizi esperientziak jaso dira. Beraien kontakizunek bizitzari buruz hitz egiten dute, herriei buruz, emakume landatarraren ikuspegitik.

Udalek azokaren antolakuntzan Sakana Garapen Agentzia, Plazaola turismo partzuergoa, Arbaso, Belardi Sakanako nekazaritza-ekoizleen elkartea, EHNE-Bizilur, Pikuxar euskal txokoa eta Bidelagun Sakanako turismo-elkartearen laguntza izan dute. Guztiek “azokara hurbiltzeko eta antolatutako jardueratan parte hartzeko gonbidapena” egin dute. 

Azokan izanen diren ekoizleak
Ekoizlea Produktua Herria
Lorentxo Txerrikiak Baztan
Karlos Zabala Marmeladak Artatza
Joxan Ahuntz gazta Goldaraz
Fuljen Loreak Etxauri
Sandra Ukenduak Aritzkuren
Domiña Betizu haragia Goizueta
Lakabe Ogia Lakabe
Mendiko Ardoa Oibar
Josu Ollo Ardi gazta Goldaraz
Jeingenekoa Behi gazta Etxarri Aranatz
Legarbeko barazkiak Barazkiak Etxarri Aranatz
Beriain Ardi gazta Unanu
Erlan Eztia Jaitz
Ubei Txerrikiak Arbizu
Albi Ardi gaztak Arruazu
Izanen diren artisauak
Artisaua Jarduna Herria
Artilezko Hodeiak Ehuna Aizarotz
Creaciones Pimfa 
 Zura Cascante
Encueros Larrutan Larrua Narcue
Erabili Ehuna Etxarri Aranatz

Eskulore Lore lehorrak Larrabetzu
Felix Larrañaga Zura Berriz
K-Cuellos Ehuna Iruña
Larruzko eskuak Larrua Bilbao

Otero pilotagilea Euskal Pilotak Anoeta
Rupestre Orfebreria Imitaziozko bitxigintza Bilbao
Txus Gruzeta Bitxigintza Heredia-Barrundia
Zapatari Oinetakoak Iruña
Maria Esparza Bitxigintza Izurdiaga

Pikuxar 
Euskal txokoak iganderako ate irekien jardunaldia antolatu du publiko orokorrari bere elkartea erakusteko. Elkarte berria ezagutu nahi duenak 12:00etatik 14:00etara du horretarako aukera. Gonbidapena onartzen dutenek bisita gidatuan parte hartuko dute. Bazkideak hura garilaren 30etik ari dira erabiltzen. Pikuxarrekoek mustutze ospakizuna egin nahi lukete aurrerago.