Txirrindularitza

Jon Erdoziak Lukinen lortu zuen juniorren lehen garaipena

Guaixe 2021ko ira. 13a, 10:30
Jon Erdozia txapelduna, podiumean. SAKANA GROUP-ARALAR

Sakana Group-Aralar taldeko etxarriarra bakarrik iritsi zen helmugara eta bere taldea izan zen lasterketako onena

Irailaren 4an  XLVIII. Lukin Udala Saria jokatu zen, eta kadeteak eta juniorrak elkarrekin lehiatu ziren 82 km zituen proban. Lasterketa mugitua eta urduria izan zen, etengabeko erasoekin, eta Sakana Group-Aralar taldeko Jon Erdozia Gonzalez de Pedroso etxarriarrak bere lehen garaipena lortu zuen, helmugara bakarrik heldu eta gero (1:58:35). 25 segundora Ibon Diaz (Garaje Moderno) sartu zen, eta 22 segundora 7 txirrindulariz osatutako taldetxoa. Bertan zeuden Aimar Tadeo (Sakana Group), 5. postuan sartu zena eta Sergio Lopez (Quesos Albeniz-Burunda), 9. postuan. 

Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Unai Garro juniorra (Sakana Group-Aralar) 15. sailkatu zen, Mikel Uncilla juniorra 19. (Quesos Albeniz), Aritz Oiarbide kadetea (Sakana Group) 22., Martxel Etxeberria juniorra (Sakana Group) 26., Adrian Martinez kadetea (Sakana Group) 29., Aitor Ondarra juniorra (Sakana Group) 30., Ander Villalobos juniorra (Quesos Albeniz) 33., eta Xabier Borrega juniorra (Quesos Albeniz) 42.

Sakandarrak Araban
Irailaren 4an hasi zen kadeteen mailako Arabako Itzulia, taldekako erlojupekoarekin. Bertan lehiatu ziren Quesos Albeniz-Burunda taldeko kadeteak. 10 kilometroko erlojupekoa osatzen azkarrenak Setek taldeko kideak izan ziren (14:14), eta Quesos Albeniz taldea 8. sailkatu zen (15:07). Irailaren 5ean 2. etapa jokatu zen Artziniegan, 58 kilometrokoa, Murias-Arratia taldeko Kaiet Iribarnek irabazitakoa (1:31:44). Iker Gomez 7. sailkatu zen, Asier Etxeberria 22., Iker Agudelo 28., Iker Begiristain 51. eta Ion Aierbe 62.

Bestalde, irailaren 5ean Maeztuk junior mailako II. Araba Klasikoko lasterketa hartu zuen, 102 kilometroko proba. Eolo Kometa taldeko David Gimeno bakarrik iritsi zen helmugara (2:47:26). Bezperan Lukinen irabazi eta gero, Jon Erdozia 9. sailkatu zen, 1:48ra, eta bere taldekide Unai Garro 11. iritsi zen.