Bazterretik

Trolla jaiotzez, ez egitez

Erabiltzailearen aurpegia Iune Trecet Obeso 2021ko ira. 13a, 10:34

Munduko pertsonen ia erdiak dauka Interneterako sarbidea, eta gutxi gorabehera hirutik batek egunero erabiltzen ditu sare sozialak. Sozializatzeko modu berri horrek figura berri bat ekarri du gure bizitzetara: trolla.

Wikipediaren arabera, troll hitza iskanbila dibertimendu moduan bultzatzen duena izendatzeko erabiltzen da, eztabaida nahita sustatzen duena, parte hartzaileak haserraraziz eta haien artean zatiketa bultzatuz. Askotan esaten da, sareak ematen duen anonimotasunaren ondorioz, erabiltzaile batzuk troll bihurtzen direla. Baina hori ez da erreala.

Aarhus Unibertsitateko 'Sareko liskar politikoen psikologia' ikerkuntzaren arabera, Internetek ez ditu erabiltzaileak gogaikarri bihurtzen; jarrera horiek dituztenen bozgorailu da Internet. Hau da, sareko eztabaidetan jendea ez da oldarkorragoa jartzen, aldiz, jarrera horiek ikusgarriagoak dira eta leku gehiagoetara iristen dira.

Uler genezake online sortzen diren debateetan errazago erasotzen dugula parean dagoena. Ez dugu jendearen aurpegia ikusten, eta idazteko erritmo azkarrak gaizki ulertuak ekar ditzake, baina ikerketak argi utzi duena da denok ez dugula erasotzaile izateko joerarik. Ondorioz, nahiz eta horretarako aukera sortzen den, pertsona batzuk oldartu egingo dira eta beste batzuk ez.

Azken finean, sarean ditugun erlazioak bizi garen gizartearen isla dira. Sare sozialetan pertsona lodi bati eraso egiten dion berberak, kalean pertsona horri "lodia!" oihu eginen dio. Sarean eraso arrazistak egiten dituen trolla, diskoteka batean sartzen utziko ez dizun pertsona bera da. Edo online homosexuala izateagatik gaizki tratatzen duen pertsona, asteartean 'marikoia' deituz Gasteizen ukabilkadaka aritu zena izan liteke. Sareak egiten duena da jarrera horiei guztiei zabalpena eman.
Troll horien profilari dagokienez, ezaugarri garrantzitsuena enpatia falta izaten da, batez ere beste pertsonek sentitzen dutena ulertzeko garaian. Horrekin batera, sadismoa eta autoestimu altua izanez gero, trolla izateko aukera areagotzen da.

Enpatia faltaren ondorioz, ezin dugu eraso hauen aurrean gizatasuna eskatu eta min eman digula erakusteak trollen jarrera areagotzea ekar lezake. Horregatik, garrantzitsuena da bozgorailu efektua geldiarazteko "Don't feed the troll" edo "Ez elikatu trolla" jarrera hartzea, jaramonik ez egitea. Baina isilik gelditu nahi ez baduzu, Donestecheko emakumeek* dioten bezala, aliantzak egin zure komunitatean eta denen artean egin aurre trollari. Horretarako aukera ugari daude: salaketa publikoa, eztabaida, umorea... nork bere bidea aukeratu beharko du. Ez egin zuk bakarrik aurre.