Haiena kalea da, jendearekin zuzeneko harremana. Baina COVID-19 gaitzak hori gabe utzi ditu bigarren urtez erraldoi eta buruhandien konpartsak. Ezin herrian barnako kalejirarik egin, ezin txikien artean ilusiorik sortu. Horregatik, behar bezalako protokoloekin, Irurtzungo eta Altsasuko erraldoi eta buruhandien konpartsek lotura horri eusteko bestelako moduak opatu dituzte. Konpartsa kideen irudiak hartzeko gogoa asetzeko modua izan da, baita txikiak eta helduak gozatzen ikusita, gogoak eta ilusioa mantentzeko modua ere.
Irurtzungo erraldoi eta buruhandien konpartsako irudiak udaletxeko bajeran ikusteko aukera izan dute hala nahi izan duten guztiek; astez, arratsaldez; asteburuan, goizez. Francisco Navarro Villosladak Amaia edo euskaldunak VIII. mendean eleberriaren pasarte bat Irurtzungo Biahizpen kokatu zuen, eta handik hartu zuten irurtzundarrek herriko erraldoiak egiteko inspirazioa 1982an. Erraldoiek 3,3 eta 3,42 metro arteko luzera dute eta 55 kiloko pisua daukate.
Konpartsa honako irudiek osatzen dute: Amaia, Garzia Ximenez, Goñiko Teodosio eta Petronila erraldoiak, zaldia eta Aralarko herensugea zaldikoak eta deabrua, afrikarra, sorgina eta Olentzero buruhandiak. Gogo biziz hartu dituzte bisitak. Seiko taldeetan sartzea zegoen, eta hala egin zuten txikiek zein handiek. Gogoko erraldoiaren ondoan argazkia egin zuen batek baino gehiagok.
Altsasuko erraldoi eta buruhandien konpartsak, berriz, emanaldia eskaini zuen Iortia kultur gune pareko zabalgunean igande arratsaldean. Makina bat jende elkartu zuen hitzorduak. Sorgina, Akerra eta neska eta mutil kintoen erraldoiak dantza erakustaldia eman zuten miresleen aurrean. Haurren batek etxean duen erraldoi txikia ere atera zuen. Emanaldiaren ondoren asko izan ziren erraldoiengana hurbildu eta aukera baliatu zutenak gogokoenarekin argazkia egin eta hura gogokoen artean gordetzeko.