BABESTUTAKO EDUKIA

#ELKARLANERAKOORDUADA

BABESTUTAKO EDUKIA 2021ko ira. 10a, 16:54

COVID19 pandemiak argi utzi du gizaki guztiok elkarren menpekoak garela; munduko leku batean gertatzen denak planeta osoari eragiten baitio. Argi gelditu da, halaber, zer behar den krisi global honi eta beste batzuei erantzuteko, hots, elkarlana, elkarrekiko laguntza, elkartasuna eta nazioarteko lankidetza. 
Gure auzo eta hirietan, milaka lagun ari zaizkio elkarri laguntzen guztion eskubiderik oinarrizkoenak bermatzeko. Hori eguneroko kontua da mundu osoan, egunero ehuntzen ari baitira nazioartean elkartasunezko sareak.

Gauzak horrela, inoiz baino beharrezkoagoak dira nazioarteko lankidetza eta elkartasuna. Bide bakarra dago krisi honetatik ateratzeko: planetako jende guztia hartatik libratzen dela bermatzeko gauza izatea. 
Horrexek eragin du kanpaina hau, munduko zoko-moko guztietan bizitzari eusten ari zaizkion ekimen solidarioen balioa nabarmentzeko. Herritarrengandik iristen diren proposamenez haratago, lankidetzaren aldeko nazio eta nazioarteko politiketan jarri beharra dago arreta, funtsezko eragileak baitira krisitik ateratzeko. Izan ere, funtsezkoa da horrelako politikak indartzea, krisiaren ondorio larriek milioika pertsonaren bizitza jo duten honetan; eta funtsezkoa da, halaber, aldaketak eragiteko, antzeko pandemiarik berriz ere ez gertatzeko. 
Kanpainan partaide dira Nazioarteko Lankidetzarako Estatu Idazkaritza, Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentzia eta Garapenerako Erakundeen Koordinakundea, eta Nafarroan, Nafarroako Gobernua, Iruñeko Udala, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa, eta Nafarroako GGKEen Koordinakundea.  
Kanpainaren barnean, bideo bat, irrati-kuñak eta publizitate-kartel bat zabalduko dira hedabideetan eta sare sozialetan. Gainera, Nafarroako GKKEek eta haien tokiko bazkideek lagundurik, dibulgaziozko edukiak sortuko dira hedabide horietan garapenerako lankidetzari buruz, ingurune hurbilenetik globalera iristen saiatzen ari diren ekimen guztien berri emateko. Hainbat gai landuko dira, hala nola klima-aldaketa eta arazo horrek gosea areagotzearekin duen lotura; giza eskubideen eta ingurumenaren aldeko emakumeak;  nazioarteko gatazkak; errefuxiatuen kanpamentuak; haurren egoera; giza ekintza; herritartasun globalerako hezkuntza, eta osasuna. 

Eskertzen dugu orain arte jasotako laguntza, eta hain zuzen, laguntza ematera gonbidatzen ditugu elkartasuna eta lankidetza inoiz baino beharrezkoagoak direla uste duten instituzio, erakunde eta herritar guztiak.