Arakilgo eta Irurtzungo udalen ardura izan zen aurten Otsaportilloko historia memoria ekitaldia antolatzea, eta, haren bidez, 1936ko estatu kolpearen ondorioz errepresioa jasan zuten guztiak omentzea. Oihana Olaberria Jakak eta Aitor Larraza Carrerak, Arakil eta Irurtzungo alkateek, esan zutenez, “Otsaportilloko lezea basakeria frankistaren salaketaren eta giza eskubideen defentsaren adibide garbienetako bat bihurtu da. Gure presentziak eta parte hartze aktiboak, bizitza bidegabeki kendu zitzaien haiek omentzen ditu. Eta, bide batez, ‘memoria tokia’ sendotzen du”.
Alkateek gaztigatu zutenez, “hainbat botere memoria selektibo bat egiten eta lantzen ahalegindu dira, beraien iraunkortasun eta kontrol interesen arabera”. Eta nabarmendu zutenez “hainbat hamarkadatan hildakoak eta haien familiak ezabatu egin dira oroitzapen ofizialetik. Aldi berean, minorizatutako edo errepresaliatutako taldeek historia memoria berreraikitzeko prozesuak ezabatuak izan dira”. Horregatik, “esker ona eta miresmena” adierazi zieten “hainbeste denboran gizartearen sektore zabal baten gaitzespenaren aurrean justizia eskaerari eutsi diozuen familiei”.
Bi alkateen aurretik, bezperan Oteitzako omenaldian egon zen Irurtzungo zinegotzi Eduardo Murugarren Francesek gogoratu zuen han hil zutela bere aitona. “Batzuei iruditzen zaie omenaldi gehiegi egiten direla. Hil egin zituzten, eta hildakoen familiek kristoren errepresioa bizi izan zuten. Alargunak eta seme-alabak ia ezer gabe gelditu ziren eta besteen mesprezua sentitu zuten” azaldu zuen Murugarrenek. Gerra fronterik egon ez zen Nafarroan 3.500 pertsona fusilatu zituztela gogoratu zuen eta diktadurako eta ahanzturako 40 urteren ondoren, zinegotziarendako “omenaldi gutxi egiten dira”. Bidezko gizarte baten alde ari zirelako hil zituztela nabarmendu zuen Murugarrenek eta hildako haiek omentzearen garrantzia azpimarratu zuen.
Kontseilaria
Herritarrekiko Harremanetarako kontseilari Ana Ollo Hualdek Otsaportilloko lezeak “gure lurraldeko memoria ondarean duen garrantzia” nabarmendu zuen. Horregatik, “Nafarroako Historia Memoriaren Leku izendatu ziren lehen tokien artean dago, leku horietan egindako krimenen memoria seinaleztatzeko, kontserbatzeko eta zabaltzeko konpromisoarekin”. Ollok gaztigatu zuenez, “memoria lekuak aitortzea eta zabaltzea funtsezko elementua da gure memoria politiketan”. Toki gehiagori halako izendapena eman eta haien zentsua eginen dutela gaztigatu zuen. Haietan Otsaportilloko lezeaz aparte, besteak beste mendiko errepide bereko 7,5 km-ko lezea (Arabako irakasleak hil zituzten tokia izan liteke), Urbasako saroiko lezea, Ubaba, Lizarrustiko portukoa eta beste egonen dira.
Ollok adierazi zuenez, “memoria espazioen sare horren bidez garaileek piztutako indarkeria izugarri hori guztia transmititu nahi dugu. Eta gure gizartearendako eta belaunaldi gazteendako etengabeko oihartzuna izan dadin nahi dugu, Memoria duten eskolak hezkuntza programaren bidez, inoiz gehiago errepika ez daitezen” .
Eraildako bere aitaren bilaketa nekaezina egin du urteetan Concha Dieguez Jakak. CNT-ko kide hura Altsasuko Sorozarreta dermioan erail bazuten ere, haren gorpuzkiak Otsaportilloko lezean opatutakoen artean identifikatu zituzten duela hamar hilabete. Bere jardunagatik eskerrak eman zizkion parez pare zuen Conchari. Kontseilariak gaztigatu zuenez, “gorpuzkien identifikazio lanek aurrera jarraitzen dute, profil genetikoak hobetzeko analisiak errepikatzen dira eta senideen lagin genetiko egokiak baditugu, emaitzak iritsi egiten dira azkenean. Lan isilak noizean behin emaitzak ematen dizkigu”. Konpromiso horrekin jarraituko du foru administrazioak, “gure gizarteak 1936ko kolpe militarraren ondoren sortutako indarkeria bidegabearen biktimekin duen betebehar etikoa”.
Nafarroako CNT-ko Guillen Abregok eta Gorka Hamza Olliverrek esan zutenez, Concha “alaba nekaezinaren eredua da. Faxismoa beregan jasan zuen haurra zenetik”. Concharen aitaren bilaketa goraipatu zuten: “zure aita zutaz eta zuen familiaz harro sentituko litzateke, gu sentitzen garen moduan”. CNT-ko kideek nabarmendu zutenez, “gutako askok oraindik ezin izan ditugu gure senideen gorpuzkiak aurkitu. Funtsezko gaia egin zizkiguten zauri guztiak josten hasteko, eta beharrezkoa gure eta gure senideen bizitzek aurrera egin dezaten”. Azpimarratu zutenez, “gure hildakoak lurperatu nahi ditugu, guk aukeratzen dugun lekuan, eta ez hil edo desagerrarazi zituzten tokian”.
Omenaldia
Makina bat jende elkartu zen Otsaportillon. Ekitaldiko hitzaldien artean hainbat sortzailek parte hartu zuten. Zuriñe Mayok eta Juan Carlos Aoizek Martxan baten lehen notak pieza jo zuten klarinetearekin eta tronboiarekin. Maite Mene kantariak bere abesti bat eta Beberen Razones kanta abestu zituen. Luis Quintanaren kontrabaxuaren doinura Urko Mauduitek aurreskua dantzatu zuen, jendeak lore eskaintza egin baino lehen. Aurretik, Mayo eta Aoizen musika laguntzarekin, Nerea Baldak poesia bat errezitatu zuen.
Ezinegonak
Ezinegon batzuek
ez dute oraindik izenik
Hutsarte batzuk ez ditu orbelak estaltzen
Jakin nahiak ez dira euri langarretan lurruntzen
Egonezin batzuk
gogoan fosiltzen dira
Eta harrizko labar bilakatu
Ezinegon batzuek
sutondoan batzen gaituzte
Izan ginenari buruzko istorioak xuxurlatzen dizkigute
Nor garen ulertarazten
Egonezin batzuek
bide orriak idazten dituzte geure baitan
Memoria garela esaten digute
Zapatetan bildutako hartxintxarrez
Ezinegon batzuk
Oroimen eta akorduz erditzen dira
Baina orainean eraikitzen gaituzte
Izenik gabeko ezinegon horiek
Horiexek
egiten gaituzte