Pilota

Olaizola II.a eta Zabaleta, Masters CaixaBankeko final handira

Guaixe 2021ko ira. 13a, 10:50
Zabaleta ikusgarri aritu zen Hondarribian.

Hondarribian jokatutako finalerdian zazpi tantotan utzi zituzten Altuna III.a eta Aranguren

Udako Masters CaixaBank Torneoak baditu finalistak. Atzo, igandea, Olaizola II.ak eta Zabaletak Altuna III.a eta Aranguren izan zituzten aurkari finalerdietan. Partida estua eta gogorra aurreikusten zen, baina Altuna III.ak eta Arangurenek ez zuten euren eguna izan, eta Olaizola II.a eta Zabaleta euren gainetik pasa ziren. Atzeko koadroetan Zabalak agindu zuen guztiz. Etxarrengoa jaun eta jabe izan zen, eta Olaizolak ongi errematatu zuen aurrean. Euren estrategia argia zen: Altunaren eta Olaizolaren arteko lehia saihestu, tanteoa luzatu, eta Aitor Arangureni akatsak eragin. Eta lortu zuten, Altunaren eta Arangurenen jokoa hankaz gora jarri baitzuten. Altuna eta Aranguren ezinean ibili ziren, eta, azkenean, Olaizola II.ak eta Zabaletak 7 tantotan utzi zituzten. Sari ederra lortu zuten, finalerako sailkatzea. 

Larunbatean, Vianan jokatutako beste finalerdian, Elezkano II.a eta Mariezkurrena II.a izan ziren nagusi; 22 eta 16 irabazi zieten Peña II.ari eta Rezustari. Atzeko koadroetan Mariezkurrenaren nagusitasuna erabatekoa izan zen, eta Elezkanok aurrean tantoak behar bezala ixten jakin zuen. 

Hortaz, igandean Gasteizko Ogetan jokatuko den final handian Olaizola II.ak eta Zabaletak Elezkano II.a eta Mariezkurrena II.a izanen dituzte aurkari udako torneo handia itxiko duen ekitaldian.