Txirrindularitza

Igor Arrieta ongi Europako Txapelketan

Guaixe 2021ko ira. 13a, 11:20
Igor Arrieta Europako Txapelketan, taldekideekin batera, tiraka. ESPAINIAKO TXIRRINDULARITZA FEDERAZIOA

23 urtez azpiko Europako Txapelketan bere taldekide Juan Ayuso hirugarren sailkatzeko lana egin zuen txirrindulari uharte arakildarrak

Atzo, igandea, despeditu ziren Europako Txirrindularitza Txapelketak. Igor Arrieta Lizarraga 23 urtez azpiko Espainiako selekzioarekin lehiatu zen larunbatean jokatutako lineako lasterketan (133 km), eta berak eta bere taldekideek talde lan ederra egin zuten Juan Ayusoren alde. Arrietari bereziki lehen zatian lan egitea egokitu zitzaion, eta guztien artean Ayuso babestu zuten, eta txirrindularia aurreko taldean sartzea ahalbideratu zuten. Lasterketa erabakitzeko esprintean hirugarren sailkatu zen Ayuso, eta brontzeko domina lortu zuen. 

Izagirre eta Erbiti
Bestalde, gizonezkoen eliteen mailako lineako txapelketa gogorrean Gorka Izagirrek eta Imanol Erbitik talde lan izugarria egin zuten beste behin. Lasterketako lehen zatian erasoan aritu zen Espainiako selekzioa, eta Gorka Izagirre ere ihesaldian sartu zen, baina, azkenean, tropelak, eta Portugalgo selekzioak bereziki, ihesaldia zapuztu zuen. Erasoak bata bestearen atzetik etorri ziren eta tropela guztiz apurtu zen. Azkenean, lasterketa esprintean erabaki zuten Sonny Colbrelli italiarrak eta Remco Evenepoel belgiarrak eta Colbrelli gailendu zen (4:19:45). Espainiako selekzioko onena Roger Adriá izan zen, 29. postuan.