Presoen etxeratzea eskatzen

Guaixe 2021ko ira. 15a, 11:33

Presoen etxeratzea eskatu zuten Altsasun.

Altsasun manifestazioa egin zen eta Arbizun eta Etxarri Aranatzen erronka bana egin ziren. “Salbuespenezko espetxe politikarekin” bukatu beharra dagoela gaztigatu zuten.

Sareko kideek azaldu zutenez, “herrietan antolatutako ekimenen bidez, kalera ateratako guztien bidez, aldaketarako motorra gara. Elkarbizitzan aurrera egin eta bakea ipar duen motorra”. Saretik gaztigatu duenez, etapa berri bat zabaltzear da. Bi aldarri nagusi plazaratu zituzten: “preso guztiak Euskal Herriratzea eta graduen progresioa”. Sareko kideen iritziz, bi horiek betez, presoak Euskal Herriratuko lirateke. Presoek bertako kartzeletan zigorra betetzea eta zigorraren hiru laurdenak beteta dituztenei baimenak eta baldintzapeko askatasuna ematea eskatu zuten. “Ez gara inolako pribilegiorik eskatzen ari. Legea betetzea eskatzen ari gara”. Deitutako mobilizazioetan parte hartzera deitu zuten. Esaterako, irailaren 29tik lastailaren 2ra Nafarroa zeharkatuko duen itzulian parte hartzera gonbidatu zuten. 

Altsasuko manifestazioan zabaldutako mezua, beste modu batera eman zuten Arbizun eta Etxarri Aranatzen. Arbizu eta Aulestiren arteko erronkan herri bakoitzeko korrikalari banak Beriainera igo behar zuen eta ondoren beste bik kontrako bidea egin. Erronka baliatu zuten Sareren Nafarroako Itzuliaren berri emateko ere.

Etxarri Aranatzen, berriz, 1.231 km osatzea zen erronka, herria eta Etxarriko presoak dauden kartzelen arteko distantzia hain zuzen ere. Plazako zabalgunean aritu ziren bizikleta estatikoan eta oinez. Gainera, beste batzuk lasterka aritu ziren. Guztira 119 etxarriarrek parte hartu zuten Sarek luzatutako erronkan, eta erraz asko gainditu zuten, 531 km gehiago egin baitzituzten.