Desfibriladore ikastaroa Lizarragan

Guaixe 2021ko ira. 15a, 12:00

Dorraoko desfibriladorea.

Sakanako Mankomunitateak doaneko desfibriladore ikastaroa antolatu du ergoendarrendako. Izena ematea zabalik dago irailaren 20ra arte

Zorionez, gero eta toki gehienetan daude desfibriladoreak, baina sarritan ez dakigu nola erabiltzen diren, eta pertsona baten bizitza jokoan dagoen une horietan, ezinbestekoa da desfibriladoreak erabiltzen jakitea eta lehen sorospenak egiten jakitea. 

Horrela, Sakanako Mankomunitateak desfibriladore ikastaroa eta lehen sorospen ikastaroa antolatu du urriaren 1ean Lizarragan, sorosleendako, udal langileendako, irakasleendako eta lehen sorospenetan interesa duten edonorendako. 4 orduko ikastaroa izanen da, 16:30etik 20:30era, dohainik. Desfibriladorearen erabilera irakasteaz gain, bihotz birikietako erreanimazioa nola egin eta bizitza arriskuan jartzen duten egoeren aurrean behar bezala erantzuten (itotzeak, krisi epileptikoak, bihotzekoak…) landuko dute. 

Ikastaroak zati teorikoa du, online landuko dena. Derrigorrezkoa izango da ikastaro teorikoa egitea zati praktikoa egiteko. Izan ere, urriaren 1ean teoria errepasatu eta hainbat ariketa praktiko egingo dira. 

Izena ematea zabalik dago, irailaren 20ra arte, Ergoienako udaletxean (948 460 141) eta Mank-eko Kirol Zerbitzuan (948 464 866 edo kirolak@sakana-mank.eus). Dohainik da, eta gehienez ere 24 partaiderendako tokia dago.