Kirol egokitua, musikoterapia eta psikomotrizitatea eskaintza

Guaixe 2021ko ira. 16a, 10:00

Musikoterapia izugarri gustuko dute Milakolore elkartekoek. ARTXIBOA.

Behar bereziren bat duten sakandarrendako eskaintza berezia plazaratu du Mank-ek. Izena ematea zabalik dago

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak inklusibotasunean lan egiten jarraitzen du eta aurten ere kirol egokitua, igeriketa, musikoterapia eta psikomotrizitatea eskainiko die behar bereziak dituzten sakandarrei, Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin.

Batetik, igeriketa eta kirol egokitua saioak antolatuko dira Arbizuko kiroldegian, urriaren 4tik maiatzaren 30era, astelehenetan eta asteazkenetan, 17:00etatik 18:00etara. Maalen Beraza Etxarrik gidatuko ditu ikastaroak eta jarduera doakoa da. Hala ere, izena eman beharra dago Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuan (kirolak@sakana-mank.eus, 948 464 866). Ekimena antolatzeko Askalatsen laguntza izan du Mank-ek.

Bestetik, adimen urritasunen bat edo behar bereziren bat duten sakandar guztiek musika terapia eta psikomotrizitatea lantzeko ikasturtea egitea dute aukeran. Aurten, larunbat goizetan izan beharrean ostiral arratsaldetan izanen da, 16:00etatik aurrera, Altsasuko Gaztegunean. Izena ematea irailaren 23a baino lehen egin beharko da Mank-eko Kirol Zerbitzuan, eta Milakolore elkartekoei elkarteak berak ordainduko die ikastaroa (50 euro ikasturte osoa). Trukean izena ematen dutenek derrigorrezkoa izanen dute klasera joatea. Ikastaroa antolatzeko Altsasuko Udalaren eta Milakolore elkartearen laguntza izan du Mank-ek.