Txirrindularitza

Imanol Erbiti, Gorka Izagirre eta Nahia Imaz, Mundialetara

Guaixe 2021ko ira. 16a, 11:00

Nahia Imaz, Nafarroako Erlojupeko Txapelketa irabazi zuenean. MARTIN EARLY

Irailaren 19tik 26ra Flandrian jokatuko diren Mundialetan Espainiako selekzioarekin aritzeko hautatu dituzte

Igandean hasi eta aste bat barru, irailaren 26an despedituko dira Munduko Txirrindularitza Txapelketak, Flandian. Euskal Herriko 12 txirrindulari lehiatuko dira guztira, tartean hiru sakandar: Imanol Erbiti eta Gorka Izagirre, elite mailan, eta Nahia Imaz, juniorren mailan. 

Imanol Erbiti (Movistar Team) eta Gorka Izagirre (Astana) talde gizon bikainak direla esatea ez da berria. Urtetik urtera, euren taldearendako ezinbestekoak direla erakusten ari dira, eta aurtengo denboraldi ederra Mundialekin borobilduko dute biek. Espainiako hautatzaile Pascual Monpalierrek eurengan konfiantza itsua du, eta Mundialeko azken egunean, irailaren 26an jokatuko den lineako lasterketan lehiatuko dira. Alex Aranburu (Astana) eta Ivan Garcia Cortina (Movistar Team) talde buruak laguntzea izango da euren lana, eta haiekin batera Carlos Rodriguezek (Ineos), Gonzalo Serranok (Movistar), Roger Adriák (Kern Pharma) eta Antonio Jesus Sotok (Euskaltel-Euskadi) ostuko dute taldea. Beraz, Kern Pharmako kirol zuzendari Pablo Urtasun eta Euskaltel-Euskadiko kirol zuzendari Jorge Azanzak kontentu egoteko beste arrazoi bat badute.

Bestalde, Nahia Imaz lehenengoz ariko da Munduko Txapelketan. Junior mailan lehiatuko da Nafarroa Ermitagaña taldeko txirrindulari altsasuarra, eta bi probetan parte hartuko du, irailaren 21ean, asteartean jokatuko den erlojupekoan, eta irailaren 25ean, datorren larunbatean jokatuko den  lineako lasterketan. Laia Puigdefábregas, Lucia Ruiz eta Naroa Fernandez izango ditu taldekide. 

23 urtez azpikoan Europako Txapelketan parte hartu zuen Igor Arrietak ez du Mundialetan parte hartuko.