Futbola

Aurten txikienen Futbol 8 Torneoa antolatuko du Mank-ek

Guaixe 2021ko ira. 21a, 12:00
2020ko martxoan jokatu ziren, azkenekoz, Sakanako Futbol Topaketak. ARTXIBOA

Benjamin eta kimuen mailako futbol taldeek urriaren 8a baino lehen eman behar dute izena

Aurreko urtean futbol txapelketarik gabe geratu ziren benjamin eta kimuen mailetako futbol jokalari sakandarrak. Pandemia dela eta gobernutik eta federaziotik eskatutako osasun neurriak beteaz, Sakanako Mankomunitateak ezin izan zituen Sakanako Futbol 8 Topaketak antolatu. Sakanako futbol klubetako txikienak prestatu eta entrenatu ziren, baina ezin izan ziren lehiatu. 

Aurten, zorionez, egoera aldatu da eta Sakanako Mankomunitateak Sakanako Futbol 8 Topaketak antolatuko ditu, bi mailatan: kimuen mailan (2010 eta 2011 urteetan jaiotako neska-mutilak), eta benjaminen mailan (2012 eta 2013 urtean jaiotakoak). Topaketetan izena emateko epea zabalik dago, eta futbol taldeek edo klubek urriaren 8ra bitarteko epea dute horretarako (948 464 866 edo kirolak@skana-mank.eus).