Itxasperrik Erroak jaialdia hartuko du

Guaixe 2021ko ira. 20a, 09:12
Itxasperriko ermitak 'Bertako barietateen gidaren' aurkezpena hartu zuen. ARAKILGO UDALA

Ostiralean eta larunbatean hainbat jarduera izanen dira. Publiko guztiei zuzenduta daude, baita familiei ere. Aforoa mugatua denez, aldez aurretik izena eman beharko da bizigarrinafarroa@gmail.com e-postara idatziz edo 634 58 42 26 telefono zenbakira hots eginez.

Bizigarri Elkarteak, Arakilgo Udalaren laguntzaz, Erroak proiektua aurkeztuko du ostiralean eta larunbatean Itxasperrin. Kultura eta arte jaialdi hori lurraren sustraien eta landa eremu mugimendu berrien arteko sinergiak sortzeko helburuarekin sortu da, eta Arakilgo Udalari esker lehendabiziko jarduerak martxan jarriko dira. Udalak azaldu duenez, “ingurumenarekin, hezkuntzarekin, kulturarekin, artearekin eta alderdi produktiboekin lotutako hainbat jarduera biltzen ditu egitarauak”.  Gaineratu duenez, “proiektu dinamikoa da eta herritarren parte-hartzea eta inplikazioa funtsezkoak dira aurrera eramateko”. 

Egitasmoak bost helburu zehatz ditu. Batetik, “pertsonek naturarekin duten konpromisoa berreskuratzeko azpiegitura nahikoa duten jardunaldiak eskaintzea”. Bestetik, “inguruko kultura, natura eta paisaia ondarea eta ondarea ulertzea, baloratzea, kontserbatzea eta ezagutaraztea”. Horrekin batera, “paisaia soziala identifikatzea, Nafarroarendako eta erkidegoarendako berarendako mugarri zibiko berri gisa; hiri eta landa kalitatearen adierazletzat hartzen den proiektua” izan nahi du. Gainera, “ingurumena, artea eta jasangarritasuna aztertzeko ibilbideetan erreferentziazko data eta lekua sortu” nahi dute. Azkenik, Erroak proiektuarekin “natura, espazio publikoa, arte sorkuntza, kultura, paisaiari buruzko ikerketak, lekuaren dokumentazioa... ardatz dituzten jardueren programa bat proposatzea, hausnarketa berriak sartzeko apustua egin” nahi dute.

Antolatzaileek aurreratu dutenez, “Itxasperri natura eta artea lotzen dituen espazio naturala bihurtuko da, eta jasangarritasunaz hitz egiteko erreferentea”. Aldi berean, Arakilgo Udalak Bertako barietateen gida banatuko du arakildarren artean. Joan den asteko aurkezpenean 25 bat pertsona izan ziren Itsasperrin. Gainera, udalak Arakilgo etxe guztiei ale bana oparituko die. Bizigarri elkartetik gaztigatu dutenez, “ezagutza tradizionalari eta lurrari lotutako proiektu hori gure ikuspegiarekin bat egiten du”. 

Egitaraua 

  • Irailak 24etik 26ra
    17:30-20:30 Daroca. “OutThere”_La magia que inunda nuestros bosques erakusketa. Itxasperrin.
  • Irailak 24, ostirala
    18:00 Erroak proiektuaren aurkezpena erakusketaren mustutzearekin batera. Itxasperrin. 
  • Irailak 25, larunbata
    11:00 Interpretazio gida: Eduka natura.  Itxasperrin.
    18:00 Lantegia: estanpazio botanikoa. Itxasperrin.
    20:00 Guarimba eta Makusai kontzertua. Itxasperri.