Konpostatze planta mustu dute

Guaixe 2021ko ira. 21a, 12:54

David Oroz Alonso eta Bernardo Ziriza Lopez kontseilaria erdian, konpost plantan. NAFARROAKO GOBERNUA

Plantak urtean 1.000 tona hiri hondakin organiko tratatu ditzake. Instalazioak Sakanako eta Mendialdeko mankomunitateetako hogeita hamar herri ingururi emango die zerbitzua, eta 800.000 euro inguruko aurrekontua izan du, BEZik gabe.

Sakanako Mankomunitateko presidentearen eskutik, Lurralde Kohesiorako kontseilari eta Hondakinen Partzuergoko presidente Bernardo Ziriza Perezek ibarreko konpostatze instalazio berria ezagutu zuen atzo. Haiekin baterako Nafarroako Hondakinen Partzuergoa osatzen duten gainerako mankomunitateetako ordezkariak izan ziren. 

Mank-ek konpost planta apirilaren 15ean jarri zuen martxan. Materia organikoa tratatzeko plantak urtean 1.000 tona hondakin tratatzeko ahalmena du. Horrekin saihestu egiten da Sakanan jasotako materia organikoa Caparrosoko biogas lantegiraino eramatea. Beraz, materia organikoa Utzubar EKO Gunean tratatuz, urtero 684,5 tona 100 kilometrotara garraiatzea eta 7.953,61 kilo CO2 isurtzea eragozten da. Gainera, Mank-ek 31.875,38 euro aurrezten ditu urtero. 

Planta berriak 800.000 euroko (BEZ kanpo) aurrekontua izan du eta Nafarroako Gobernuak finantzatua Toki Inbertsioen Planaren bidez 620.000 euro bideratu ditu. Gainerako ekarpena Nafarroako Hondakinen Partzuergoaren eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren kontura (95.000 euro) izanen da.


Prozesua
Bisitan materia organikoa konpost bihurtzeko egiten den prozesua ezagutu zuten. Deskargatu ondoren, zati horretara bota diren elementu desegokiak azaletik kentzen dira, labaintzeko eta birrintzeko makinekin prozesatzen da, eta inausketak birrintzetik datorren material egituratzailearekin nahasten da. Deskonposizio fasea materia organikoaren sekzio trapezoidaleko piletan egiten da, 55 eta 70 gradu arteko tenperaturan, eta aldian behin iraulketak eta aireztapenak egiten dira eta ondoren, zahartzapen etapa helduko da.

Ondu ondoren, konposta bahetzen da eta kamioian transferentzia instalaziora eramaten da. Han, azken produktua metatzen da substratu gisa erabiltzeko. Konpost hori doan eskaintzen dien Mank-ek hiru sektoreri: hondakin zerbitzuaren etxeko erabiltzaileei, udalei, eta nekazari zein abeltzainei. Joan den urtean 200.000 kilo konpost banatu zituen 750 sakandarren artean.

Ezaugarriak 
Utzubar EKO Guneko azpiegitura berria 14.000 metro koadroko lursail batean dago. Plantak 25,20 metro zabal eta 100 metro luze ditu, hau da, 2.520 m²-ko azalera eraikia duen oinplano angeluzuzeneko eraikin estali bat da.