Materia organikoaren bilketan Etxarri txapeldun

Alfredo Alvaro Igoa 2021ko ira. 22a, 10:59

Materia organikoa birziklatzeagatik kontseilareiaren aitortza jaso zuten Silvia MaraƱonek, David Orozek eta Martin Zelaiak.

Nafarroako Gobernuak antolatutako lehiaketa batean Etxarri Aranatzek herrialdeko erregistro onena lortu du: herritar bakoitzeko 34,29 kilo materia organiko berreskuratu dute bi hilabetetan. 2027an sortutako materia organiko guztiaren %70 bereizteko konpromisoa hartua dago. Gaur egun, batez bestekoa %33koa da.

Hondakinen gaikako bilketan sentsibilizatzeko, eta, bereziki, materia organikoaren birziklatzeari bultzada emateko, Nafarroako Hondakin Partzuergoak Organikopa lehiaketa antolatu zuen. Haren helburua nafarren artean materia organikoaren banaketa sustatzea zen. Izan ere, etxeetan sortzen diren hondakinen %42 baita materia organikoa eta egoki banatuz gero hura konpost bihurtu baitaiteke, eta hondakindegian errefusa gutxiagok bukatu dezakeelako. 

2027an sortutako materia organiko guztiaren % 70 bereizteko konpromisoa hartu du Nafarroako Hondakinen Planak. Gaur egun, batez bestekoa %33koa da Nafarroan; hori dela eta, Lurralde Kohesiorako kontseilari Bernardo Ziriza Perezek herritarrak kontzientziatzeko antolatzen diren Organicopa bezalako ekimenen garrantzia azpimarratu du. 

Sakanako Mankomunitateko Hiri Hondakinen Zerbitzuak bat egin zuen ekimenarekin eta Etxarri Aranatzen eta Altsasuren arteko materia organikoaren bilketa lehia antolatu zuen. Etxarri Aranatzen astelehen eta ostegunetan posteetatik bildutako gai organikoaren pisua aztertu zuten astero eta Altsasun, berriz, edukiontzi marroiaren bitartez jasotakoa. Maiatzaren 3tik garilaren 3ra arte egin zituzten neurketak. Neurketa etxarriarrek irabazi zuten, herritar bakoitzeko 34,29 kilo materia organiko berreskuratu dute bi hilabete horietan. Bai Etxarri Aranatzen bai Altsasun jasotako materia organikoa kalitate onekoa da eta Utzubar EKO Gunean konpost bihurtzen ari da. 

Sari banaketa 
Partzuergoaren ekimenean Nafarroako hamar mankomunitatek eta udal batek parte hartu zuten, guztira Nafarroako 92 herrik parte hartu dute. Gobernutik azaldu zutenez, “ekimenari esker, batez beste %24 igo da berreskuratutako materia organikoko kopurua. Gainera, aurreko urteko datuekin alderatuta, gainerako edukiontzira botatako hondakinak %15 murriztu dira, zabortegira zuzenean doan bolumena eta horren ondoriozko CO2 isurketa murriztuz”. Lehiaketen sari banaketa Etxarri Aranazko plazan egin zen atzo, Bernardo Ziriza Perez Lurralde Kohesiorako kontseilaria bertan zela. Saridunek 300 tona plastiko eta kapsula birziklatu baino gehiagorekin egindako hiri-altzariak jaso zituzten. 

Sakanari dagokionez, Etxarri Aranazko Udalaren izenean Silvia Marañon Chasco alkateak 5.000 euroko balioa duen saria jaso zuen. Honakoa zehazki: Culebreteko hondakindegitik jasotako plastikoekin egindako bi mahai eta bi aulki jaso ditu. Silvia Marañon Chasco alkateak jakinarazi duenez, “autokarabanendako gunean ondoan jarriko dira, merendero modukoa izanen da”. Bizikletak aparkatzekoak ere jaso ditu Etxarri Aranazko Udalak sari gisa, ikastolako patioaren ondoan jarriko dituzte horiek. Horrekin batera, zakarrontziak jaso ditu. Eta Iltzarbe ibarrean jasotako kafe kapsulekin egindako bi edukiontzik osatzen dute saria. Azken bi horiek kafe kapsulak jasotzeko dira. Partzuergoak ere aitortza egin zion Altsasuri. Zehazki, Otadiako auzo konpostagailuaren martxa egokiaz arduratzen boluntarioak, Martin Zelaiak, jaso zuen aitortza. 

Informazioa
Sakanako hondakinen kudeaketari buruzko informazioa jaso, zalantzak argitu edo izena emateko 900 730 450 doako telefonora hots egin edo info@sakana-mank.eus helbide elektronikora idatzi daiteke.