Intsumisioaren historia protagonisten ahotik

Guaixe 2021ko ira. 17a, 12:53

Intsumisoak Iruñeko kartzelako helduen moduloko patioan. ARTXIBOA

Iruñeko Baluarten, asteartean, 18:00etan "Nafarroako objekzioaren eta intsumisioaren memoriak" proiektua aurkeztuko du gobernuak. Aurkezpenera joan nahi duenak inm@navarra.es helbidean eman behar du izena. 

Herritarrekiko Harremanetako Departamentuak kontzientzia eragozpenaren eta intsumisioaren historian zeharreko ibilbidea jaso du "Nafarroako objekzioaren eta intsumisioaren memoriak" proiektuan. Gaztela-Mantxako Unibertsitateko irakasle titularra eta intsumiso izateagatik Iruñeko kartzelan preso egondako Pedro Oliver Olmok zuzendutako ikerketa proiektuarekin mugimenduaren artxibo historikoa sortu zuen Memoriaren Nafarroako Institutuak, otsailean aurkeztu zuena. Bruno Lopez ikertzailea eta Fernando Mendiola irakaslea ere aritu ziren proeiktuan lanean.

Lan hura egin ahal izateko, protagonista izan ziren hainbat pertsonarekin elkarrizketa kolektiboak egin zituen Oliverrek. Haietako bat Olatzagutiko kultur etxean egin zen eta Sakanako Antimilitarista Taldeko hamar kide izan ziren elkarrizketatuak. Beraz, soldaduskaren kontrako mugimenduaren iritziak beraien protagonisten ahotsean ezagutzeko aukera emanen du asteartean aurkeztuko den proiektua. 

Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak eta Oliverrek aurkeztuko dute proiektua asteartean. Ondoren, Gerard Corbellak web dokumentazioaren proiektua aurkeztuko du. Bukatzeko mahai ingurua eginen dute Ramon Ortiz (intsumitua), Patricia Moreno (abokatua), Pepe Beunza (estatuko lehen objektore presoa, 70eko hamarkadan) eta Javier Bados (Sakanako Antimilitarista Taldea). 

Historia artxiboa
Herritarrekiko Harremanetarako Departamentuko Memoriaren Nafarroako Institutuak otsailean aurkeztu zuen Nafarroako kontzientzia-eragozpenaren eta intsumisioaren mugimenduaren artxibo historikoa. Bertan, frankismoaren amaieran sortu ziren eta XX. mendearen azken hamarkadetan Nafarroako gizartea hunkitu zuten dinamika horiei buruzko 6.000 dokumentu biltzen dira, 15.000 orrialde baino gehiagorekin. Funtsarekin, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak milaka dokumentu jarri ditu herritarren eskura, bai mugimendua antolatu zuten erakundeenak, bai militanteenak.