Txirrindularitza

Aimar Tadeok eta Jon Erdoziak beste garaipen bana lortu dute

Guaixe 2021ko ira. 21a, 10:10
Aimar Tadeo, Tafallako helmugan. MARTIN EARLY

Sakana Group-Aralar Taldeko txirrindulariek euren bigarren garaipena lortu dute. Aimar Tadeok irailaren 11n jokatutako Tafallako Urvaca Trofeoa irabazi zuen, eta Jon Erdoziak irailaren 12an Lizarran jokatutako III. Bar Faculty-Cafes Lesaga Trofeoa

Denboraldi bukaera aparta izaten ari da hau txirrindulari sakandarrendako. Junior mailan Sakana Group-Aralar Taldeko Aimar Tadeori eta Jon Erdoziari euren lehen garaipena lortzea kosta egin zitzaien, baina behin hasita, ez dira gelditu, berriki dobletea lortu baitute Sakana Group taldeko txirrindulariek: irailaren 11n Tafallan jokatutako Urvaca Trofeoa Aimar Tadeo lakuntzarrak irabazi zuen, eta hurrengo egunean, irailaren 12an Lizarran jokatutako III. Bar Faculty-Cafes Lesaga Trofeoa, aldiz, Jon Erdozia etxarriarrak. 

Tafallako Urvaca Trofeoan juniorrak eta kadeteak aritu ziren, bereziki juniorrak. 100 kilometroko lasterketa mugitua izan zen Tafallakoa, mugimenduz betetakoa, baina, azkenean 20 txirrindulariz osatutako taldea iritsi zen batera helmugara. Esprint estuan Aimar Tadeo lakuntzarra gailendu zitzaien Ion Galdeanori (Robert Innova) eta bere taldekide Jon Erdoziari. Talde horretan bertan txirrindulari sakandar gehiago sartu ziren: Unai Garro (Sakana Group) bosgarren sailkatu zen, Sergio Lopez (Quesos Albeniz) zazpigarren, Mikel Unzilla (Quesos Albeniz) zortzigarren, eta Aritz Oiarbide kadetea (Sakana Group) hamabosgarren. 

Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Aitor Ondarra 22. postuan iritsi zen helmugara, Ander Villalobos (Quesos Albeniz) 23., Martzel Etxeberria (Sakana Group) 24., Alex Lopetegi (Sakana Group) 26. eta Manex Zufiaurre (Sakana Group) 32. 

Taldekako sailkapena Sakana Group-Aralar taldeak irabazi zuen eta Quesos Albeniz taldeko Mikel Unzilla etxarriarrak tartekako helmugen saria irabazi zuen. 

Lizarran ere esprint estuan gailendu zen Erdozia
Hurrengo egunean Lizarran bildu zen juniorren tropela, III. Bar Faculty-Cafes Lesaga Trofeoa baitzegoen jokoan, 84 kilometroko lasterketa. Bezperan Tafallan bezala, beroa izan zen protagonista, eta denetariko eraso eta mugimenduen ondoren, 14 txirrindulariz osatutako taldea iritsi zen elkarrekin helmugara. Esprintean Jon Erdozia etxarriarra gailendu zitzaien gainontzekoei, eta Sergio Lopez (Quesos Albeniz) hirugarren sailkatu zen. Top Tenean, Martzel Etxeberria zortzigarren sailkatu zen, eta Unai Garro (Sakana Group) bederatzigarren. 

Bestalde, Aimar Tadeo hamaikagarren izan zen, Mikel Unzilla hamairugarren, eta Aritz Oiarbide hogeigarren. 

Taldekako sailkapenean ere Sakana Groupeko txirrindulariak igo ziren saria jasotzera. Beraz, asteburu borobila izan zen talde sakandarrarendako.