Sakanako Mendizaleak taldea berriro martxan dago. Orain arte mendigoizale sakandarrak bakoitza bere kabuz edo bere klubarekin, talde txikitan ateratzen ziren mendira, baina 2020ko martxotik bertan behera geratu ziren Sakanako mendi kluben topagunea den Sakanako Mendizaleak taldeak hilero egiten zituen irteerak. Baina bueltan dira, eta irailaren 12an 56 mendizalek hartu zuten parte Sakanako Mendizaleak Pirinioetan antolatutako zeharkaldian.
“Egoera hobetzen ari dela ikusita, martxan jartzea erabaki dugu, eta irailaren 12an Pirinioetan zeharkaldia prestatu genuen. Sekulako arrakasta izan zuen. Autobusa bete zen, 56 mendizalek eman zutelako izena. Otsagitik gora, Larrau portua igo (1.573 m) eta handik aurrera Belaguara iritsi ziren, eta askok Lakartxela mendia igo (1979 m) zuten. Zeharkaldi hau joan zen urtean egitekoa zen, baina pandemia dela eta, ezinezkoa izan zen. Baina aurten, bai, animatu gara” azaldu du Sakanako Mendizaleak taldeko Pello Ruiz Bordegarai lakuntzarrak. Bera ezin izan zen egon, ebakuntza batetik osatzen ari delako, baina mendizale sakandarrak “oso gustura” aritu zirela aipatu du. “100 argazkitik gora bidali dizkidate, eta haiek ikusita, badirudi ni ere han egon nintzela” dio irribarrez.
Mendizaleen egutegia, bueltan
Sakanako Mendizaleak euren hilabeteko irteerak egiteko gogotsu daude. “Urrian Arabako Errioxara joango gara, Laguardia eta Lagran arteko txangoa egingo dugu, eta azaroan Errioxako bidea hartuko dugu, Castroviejo-Pedroso ibilbidea egitera, eta upategi batean bazkalduko dugu. Eta, abenduan, Orio eta Zumaia arteko kostako mendi ibilbide bat egiteko asmoa dugu” gaineratu du Ruizek.
Azaroan, 2022ko egutegia
Sakanako Mendizaleak taldea osatzen duten Sakanako mendi klubak azaroan bilduko dira, 2022. urteko egutegia zehaztu eta taldearen nondik norakoak aztertzeko. “Jendea animatu da, gogotsu dago, eta hori da garrantzitsuena” nabarmendu du presidenteak.