Etxera itzultzea, elkartzeko bidea

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Mundiñano Larraza eta Jone Galartza Larraiotz (Sare Nafarroaren izenean) 2021ko ira. 27a, 10:32

Irailaren 29tik urriaren 2ra, ibilaldi batek Nafarroa zeharkatuko du presoak etxeratzeko prozesuari bultzada emateko asmoz, ulertzen baitugu prozesu hori ezinbesteko ekarpena dela bizikidetza demokratikoaren esparru bat sendotzeko eta, horri esker, indarkeriak eta sufrimenduak markatutako ziklo historiko luze bat ixteko. 350 kilometroko ibilaldia izango da, 350.000 pauso inguru, milaka nafarren oinek emango dituztenak guztiontzat bakea eta askatasuna dakartzan helmugarantz aurrera egiteko helburuarekin. Ibiltzea, behingoagatik, ez ezertatik ez inorengandik ihes egiteko, elkartzeko baizik. Beharbada inork erreparatu ez badio ere, zer pentsatu ematen du Lesaka eta Berriozar izateak, hain zuzen ere, ibilaldi honen hasiera eta bukaera. Batetik, Lesaka, hurbil dituena mugaren pasabideak, nafarren hainbat belaunaldik, sufrimendutik ihesi, gurutzatu eta gurutzatzen lagundu behar izan dituztenak (gogoan dugu Comète Sarea, nazismotik ihesi zihoazenei lagundu ziena); bestetik, Berriozar, Ezkaba mendiaren oinetan, asmo bakarra aske bizitzea zuten ehunka presoren heriotza ekarri zuen ihesaldi tragikoaren lekukoa 1938an. Etxera itzultzeko ideia erabat ezinezkoa zen orduan.

Baina orain, aldiz, iritsi da gure ustez une historiko hori, presoek espetxea atzean utzi eta etxera itzultzeko prozesuari ekitekoa. Etxera itzultzea, zein bere herriko bizitzaren parte izateko berriz. Etxera itzultzea, bat gehiago izateko, bake eta askatasun betean bizitzeko esparru bat sendotzen laguntzeko. Iraganeko zauriak ixteko eta etorkizuneko bideak jorratzeko garai historikoa iritsi da. Jakitun gaude desafio historiko baten aurrean gaudela, eta horrek gu guztioi eskatzen digu eskuzabaltasun handiz eta asmo are handiagoz jokatzea. Izan ere, hemen denok sufritu dugu; eta denon artean pentsatu behar dugu nola demontre antolatuko dugun bizitza politikoa ekuaziotik behin betirako baztertuta indarkeria eta sufrimendua. Desafio zaila da, dudarik ez dago, baina gizarte gisa nahitaez heldu beharko diogu, hurrengo belaunaldiei gorrotoak pozoitutako herentziarik utzi nahi ez badiegu. Memoria historikoari ohore egitea da, batez ere, iraganetik ikastea etorkizun hobea eraikitzeko.

Bakerako bidean ibiltzeak ez du sekreturik. Konplizitateak ehuntzea da, adostasunak eraikitzea, hitz egitea, entzutea, eztabaidatzea, erabakitzea… denon artean eta denontzat. Eta argi izatea apustu honetan denok irabazten dugula. Azken urteetan aurrerapauso handiak egin ditugu horretan. Gizarte eragileen arteko akordioek eta Parlamentuan bertan izenpetutakoek frogatzen dute Nafarroako gizarteak ia aho batez babesten duela konponbiderako agenda. Agenda horren aurrerapen praktikoak tantaka iristen ari dira, ordea. Preso nafarretatik bakar batzuk baizik ez daude Iruñeko kartzelan. Espetxeetako politika Madriletik diseinatu eta betetzen da oraindik, ez Iruñetik. Salbuespen politika da nagusi oraindik, eta ez da legea modu proaktiboan aplikatzen behin betiko konponbideari begira.

Ezinbestekoa da, beraz, Nafarroako gizartearen nahia kalean ikusgai jartzea eta eraginkorra izatea. Ezinbestekoa da Nafarroako errepideak bakearen eta askatasunaren aldeko ibiltariz betetzea. Dudarik gabe, Lesaka eta Berriozar arteko ibilaldia mugarri bat izango da etorkizunerako. Eta mugarri hori bere mentorea izan zenari eskertu behar diogu hein handi batean, beti gogoan dugun gure Fran Balda maiteari. Bere herriari erabateko atxikimendua zion gizona zen Fran, beti bidean, beti zapatilak jantzita. Hain zen egia hori, ezen heriotza bera ere errepide bazter batera joan zitzaion bila, etengabe ibilian zebilelako. Hartu atseden orain, Fran, guk lotuko ditugu gure oinetakoak bidearen bukaeraraino iristeko.