Astekoa

Parte hartzea

Azken aldi honetan, herritarron parte hartzerako bide berriak abiatzen ari dira zenbait tokitan. Asmo ona, berez, herritarrok gure iritzia emateko eta zenbait erabakitan esku hartzeko aukera ematen digutelako. Eta, bidenabar, herritarron parte hartzeko kultura bulkatzeko eta lanbide honetan hezteko balio dezakeelako. 

Nire irudituaz, ordea, prozesu horien oinarrizko arauak zeintzuk diren azaltzea eta komunikatzea izan beharko luke lehenengo urratsa, hau da, helburua zein den adieraztea, helburu hori nork erabaki duen jakinaraztea, bideratu nahi den parte hartzea erabakiaren zein puntutan hasi eta bukatzen den. Nola esan, esku hartze prozesuaren aurreko urratsak, baldintzak eta arauak zeintzuk diren edo izan diren jakinaraztea, balizko emaitzak (ideiak, proposamenak) nola gauzatuko diren edo ze ibilbide izanen duten ahalik eta argien herritarrei azaltzea. 

Behin aurreko pausoa egin ondoren, prozesuan ahalik eta herritar gehienen iritzia jakiteko eta kontuan izateko ze bide erabiliko diren ezagutzera ematea. Garbi dago, ustez, mundu guztiari ematen zaiola aukera parte hartzeko, hori hala da; baina, parte hartzeko baldinzatzaileak ere badirela kontuan hartu beharko litzateke. Gauza hauek konplikatuak direla jakinda ere, jendearen parte hartzea baldintzatuko duten eta zenbaitetan galaraziko duten zenbait kontu izan badirela aurreikustea: esate baterako, herritarrok esku hartzeko dugun denbora; denboraz gain gogoa edo gogo falta dugun, eta gogoaren azpian dauden arrazoiak (esaten ohi ez direnak); publikoki iritzia eman nahi ez izatea; horrelakoetan esku hartzeko ohitura falta; herritar batzuengana iristeko egon daitezkeen zailtasunak. Beraz, parte hartzeko bide desberdinak aurreikustea eta bideratzea ongi legoke. Pentsatzen dut hala izanen dela, gainerakoan, itxurazko esku hartzea...