Sarek Arrasaten egitekoa zuen aldarrikapena bertan behera utzi ondoren, mezu bera Euskal Herrira zabaltzea erabaki zuen. Horretarako kontzentrazioak eta pankartak erabili zituen. Azken horiek nagusi izan ziren Sakanan eta haietan larunbateko deialdiko leloa irakur zitekeen: Bizi osorako zigorrik ez! Giza Eskubidea, elkarbizitza, konponbidea. Modu horretan Sarek euskal presoei ezartzen zaizkien espetxe zigor luzeak eta salbuespen legedia salatu zituen. Presoen aldeko mugimendutik adierazi zutenez, “elkarbizitzarentzako beharrezkoa delako presoei ezartzen zaizkien salbuespenezko neurriekin bukatzea”.
Bestalde, Nafarroako Sarek heldu den asteazkenean, hilaren 29an, Nafarroako Itzulia abiatuko dela. Lau egunez, lastailaren 2ra arte, Lesaka eta Berriozar arteko bidea eginen dute, oinez, gelditu gabe. 74 errelebotan banatuta 352 km eginen dituzte 72 ordutan. Horrekin preso, iheslari eta deportatuak etxeratzeko bidean ekarpena egin nahi dute. Izan ere, Sarekoendako “urtetako sufrimendua atzean utzi eta elkarbizitza eta bakeari ekarpena egiteko beharrezkoa den urratsa da etxeratze prozesua”. Sarek gaineratu duenez, “salbuespen-politika urratzaile horrekin bukatzeko bidean gaude, urteetan zehar betikotu dutena, eta espetxean egonaldi eternalak eta senide eta lagunentzako sufrimendu urteak gogortu dituena bukatzeko bidea dugu, eta behin betiko bukatu behar dugu espetxean dugun herritar bakoitza etxerako bidean jartzeko”. Sarek sakandarrei martxan parte hartzeko deia egin die.