Logroñoko Sanmateotako Binakako Torneoa gaur hasiko da, ostegunarekin. Gaur lehen finalerdia jokatuko da eta bi pilotari sakandar lehiatuko dira elkarren kontra. Ezkurdiak Rezusta izango du bidaide, Victorren eta Zabaletaren kontra jokatzeko. Jaialdia 19:15ean hasiko da, Adarragan. Partida “zaila” aurreikusten dute bi bikoek.
Beste finalerdia Olaizola II.a-Mariezkurrenak eta Jaka-Albisuk jokatuko dute, bihar, ostirala, 21:30ean hasiko den jaialdian (ETB1), eta final handia igandean jokatuko da, 17:00etan.
Martija, ardoaren desafioan
Larunbatean Añares Ardoaren Desafioa egonen da jokoan, eta bertan arituko da Julen Martija. Martijak binakakoan parte hartuko du; Jokin Altunarekin bikotea osatuta, Laso eta Imaz izanen dituzte aurkari goi mailako partidan. Aurretik, Zabalak eta Zubizarreta III.ak lau eta erdiko partida jokatuko dute, eta, bukatzeko, Dario eta Agirre frontoi guztian lehiatuko dira, buruz buru.