Landa Garapenerako Proiektuetarako dirulaguntzen deialdia zabalik

Guaixe 2021ko ira. 30a, 09:29

Zuhatzu eta Etxeberri, Erga mendia zaindari dutela.

Cederna Garalur Elkarteak 2014-2020 aldiko Landa Garapenerako Proiektuetarako laguntzen azken deialdia ireki du. 1,4 milioi euro ditu poltsak. Eskaerak azaroaren 15era arte egin daitezke.

Cederna Garalur elkarteak jakinarazi duenez, Nafarroako Mendialdeko 2014-2020 aldiko Landa Garapenerako Proiektuetarako (LGP) toki garapenerako proiektuen bosgarren eta azken deialdia ireki du. Haren bidez Mendialdearen gizarte eta ekonomia garapenean lagunduko duten proiektuak finantzatu nahi ditu, zerbitzu publikoak eta enpresak sortuz eta sendotuz. 

Garalurren dirulaguntza jasotzeko, aurkeztutako ekimenek elkartearen honako ardatz estrategikoekin bat egin beharko dute: herritarrak tokian mantendu eta finkatu; lehen sektorea eta basogintza; natura baliabideen ustiapen jasangarria; zerbitzuak garatu eta ondareari balioa eman eta enpresak finkatzen eta enplegua sortzen lagundu. Aurkezten diren ekoizpen proiektuek %30era arteko finantzaketa muga izanen dute eta %70ekoa ekoizpenekoak ez diren gizarte izaerako proiektuek. Bi kasu horietan, laguntzen muga 50.000 eurokoa izanen da. Deialdiak 1.404.358,44 euroko aurrekontua du. Deialdiari buruzko informazioa, eta laguntza eskaerarekin batera aurkeztu beharreko nahitaezko dokumentazio eta eredua elkartearen www.cederna.eu web orrian daude eskuragarri. 
 
Deialdi hori 2014-2020Cederna Garalurren Tokiko Garapen Parte hartzailerako Estrategiaren barnean kokatzen da. Estrategia hori Nafarroako Gobernuak eta Europar Batasunak batera finantzatzen dute, Landa Garapenerako Funtsen bidez. 2016az geroztik, programa horrek 4,8 milioi euro inbertitu ditu toki-garapeneko 100 proiektu publiko eta pribatutan baino gehiagotan.