Hiru udalek uholde arriskuen aurrean jarduteko planak eginen dituzte

Guaixe 2021ko ira. 28a, 14:03

Uholdea Arruazuko kaleaundiraino iritsi zen egun bat. ARTXIBOA

Arruazuko, Altsasuko eta Ziordiko udalek eginen dituzte plan horiek. Horretarako, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jaso dute hiru udalek. Gainera, baimena jaso ondoren, Ziordiko Udala harresi bat jasotzen ari da.

Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren bidez, Uholde Arriskuen Aurkako Udal Jarduketa Plana egiteko dirulaguntza eman die Arruazuko, Altsasuko eta Ziordiko udalei. Plana egiteko Arruazuko eta Ziordiko udalen laguntza teknikoaren kostua 6.322,25 eurokoa da, eta departamentuak 5.057,8 euroko dirulaguntza eman dio udal bakoitzari. Altsasuko Udalak 10.626,22 euro bideratuko ditu eta haietatik 6.850 gobernuak jarriko ditu. Hiru udalek planak azaroaren 19rako eginak izan beharko dituzte dirulaguntza jaso nahi izanez gero. 

Ubeldeak gainezka egiten duenean, Arruazuraino iristen da ura. Ur emari handia izan denean, garai batean, etxean zegoen azienda lehen solairura ere igo izan zuten. Gorka Ovejero Ganboak azaldu duenez, ubeldeak berak ere garbitzeko premia du, “Uharteko eta Arruazuko mugan dagoen zubipean adar ugari daude”. Altsasuri dagokionez, Javier Ollo Martinez alkateak jakinarazi du herria uholde arrisku guneen artean sartu dutela Urdalur urtegitik hurbil egoteagatik. 

Ziordian, azkenik, ubelde ondoko Dona Luzia eta Egutera kaleak eta txipudia parkeak dira urpean gelditzeko aukera dutenak ur emaria handia denean. Olatz Irizar Martinez alkateak azaldu duenez, “legegintza hasieran, uholdeen eragina jasaten duten bizilagunekin egon ginen”. Bileran jasotako proposamenen artean dago ibaiaren ertz batean harresi txiki bat egitea. “Harresi horrek uholdea oso handia denean ez luke babestuko, baina maila ertaineko uholdeak direnean ura etxeetatik urrun mantenduko luke” azaldu du Irizarrek. Lan hori egiteko Ebroko Ur Konfederazioaren baimena jaso du udalak eta, dagoeneko, hura jasotzeko lanak hasi dira.

Ubelde bazterreko bizilagunekin egindako bileran Ziordiko Udalak jasotakoaren ondorioz “hareaz betetako poltsak daude ibaia ateratzen den toki guztien ondoan, bizilagunak horrela eskatuta. Gainera, euri jasa iragarria dagoenean uretako hodietako tapak altxatuta uzten dira”. Gainera, egoera larria denean, suhiltzaileekin harremanetan jartzen da udala. Planean horiek jasoak egonen dira. Hala ere, alkateak ezinbesteko jotzen du ubeldea garbitzea, “baina konfederazioak horretarako ez du baimenik ematen”.

Planez
Eginen diren plan horien helburua da udalerrien uholde arriskua ezagutzea eta mota horretako behin-behineko larrialdien aurrean informazio, alerta eta hainbat jarduketaren dispositibo iraunkor eta eguneratu bat ezartzea, mehatxatutako biztanleria babesteko eta balizko kalteak murriztu edo ekiditeko ahalmenarekin. Planean jasoko direnen artean daude errepideetan uholde arriskua duten tarteak kontrolatu eta seinaleztatzea (batik bat erretenak dituzten elkarguneak), erretenetako ur mailaren eboluzioa zaintzea edo dagokion arroko udalerriekin eta Operazio Koordinazioko Zentroarekin (CECOP) informazioa trukatzea 112aren bitartez.

Era berean, aipatu planek barne hartzen dituzten beste ekintza batzuk dira uholde arriskua duten eremuak edo sektoreak bereiztea, horiekin bat datozen prebentzio politikak ezartzeko helburuarekin, esaterako, erreten lehor, ibai-ertz, uhar eta abarretan aparkatu edo kanpatzea eragoztea eta arrisku eremuetan kokatutako kanpalekuei arreta berezia ematea.

Era berean, hiru herrietako ibilguetan meteorologiaren garapena, eurien eta ur mailaren jarraipena eginen da, baita bere ibilgu hidrografikoan egoera ezagutu ere. Horretarako, planak kuantifikazio plubiometrikoaren eta ibaien edukiera neurtzeko sistema automatikoak ez ezik planaren udal arduradunei informazioa bidali ahal izateko moduen mekanismoa ere (baita alerta meteorologikoak barne) izanen ditu. Horrez aparte, planek arrisku egoeran aurkitzen diren herritarrei informatzeko mekanismoak dakartzate.