Aurreko astean aurkeztu zuten 27. Sakanako Bizikleta Eguna, Sakana Bizikletaz Ezagutzen lelopean urriaren 17an izanen dena. Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuko teknikari Amaia Gerrikagoitiak eman zituen azalpenak, alboan Barranka Txirrindulari Taldeko Alberto Ocaña, Aralar Txirrindularitza Taldeko presidente Alfonso Tadeo eta Burunda Txirrindularitza Taldeko Joxean Begiristain ordezkaria zituela, hirurak Bizikleta Eguneko laguntzaileak.
Joan den urteko geldialdiaren ondoren, gogotsu itzuli da 27. Sakana Bizikleta Eguna. “Eguna antolatu edo ez erabakitzeko azken unera arte itxaron dugu, udako oporrak pasatu arte, eta ikusita pandemiaren egoerak nabarmen hobera egin duela, Sakanako bizikleta martxa ez lehiakorra antolatzera animatu gara, jendea gogotsu dagoelako; hori transmititu digute eta hori uste dugu guk ere, eta egun garrantzitsu honetan parte hartzera animatzen ditugu sakandar guztiak” nabarmendu du Amaia Gerrikagoitiak.
Erabakia hartzeko azkenera arte itxaroten egon direlako berandutu da data. Urriaren 17an izanen da, eta goizeko 9:00etan abiatuko da Irurtzundik, Sakana gurutzatuta 13:00ak inguruan Altsasura heltzeko. Gosaltzeko geldialdia Lakuntzan eginen da, eta antolakuntzak edaria banatuko die partaideei. “40 kilometro inguru izango ditu ibilbideak, eta zailtasunaren aldetik ertaina da” azaldu du Barranka taldeko Alberto Ocañak. Barranka taldekoek zainduko dute ibilaldia, eta Aralar eta Burunda taldekoek autoa eta bitartekoak jarriko dituzte.
Amaia Gerrikagoitia: “Jendea gozoz dago, hori transmititu digute, eta horregatik antolatu dugu Bizikleta Eguna”
Egun arrakastatsua
“Sakanan txirrindularitzarekiko zaletasun handia dago. Txirrindulari handiak atera dira bertatik, profesional izan direnak, eta aurten ixtear dagoen denboraldian ere oso ongi ibili dira Aralar eta Burunda klubetako txirrindulariak. Zaletasun hori sustatzeko sakandarrendako bizikleta martxa ez lehiakorra antolatzea erabaki zen, 27 urtez arrakasta handia izan duena” nabarmendu zuen kirol teknikariak. Familia osoak, gazteak, helduak, bakarka, kuadrillan… modu guztietara parte hartzen dute sakandarrek, eta giro ederra egoten da.
Bestelako helburuak ere baditu Sakanako Bizikleta Egunak. “Esaterako, goiz ederra pasatzea kirola eginez; Sakanako herri, bide eta txokoak ezagutuz; Irurtzundik aterata Sakana bizikletaz gurutzatzeko erronka osatzea, Altsasuko helmugara iritsiz; herri ezberdinetako sakandarren arteko harremana sustatzea eta beste asko” gaineratu zuen teknikariak, eta Sakanako Bizikleta Egunean parte hartu eta lehenbailehen izena emateko deia egin zuen, pandemia dela eta, beharrezko osasun neurri guztiak beteko direla ziurtatuz.
Izena ematea: urriak 8
Sakanako Bizikleta Egunean parte hartzea dohainik da, baina egun horretarako beharrezkoak diren autobus, kamioi eta bestelako azpiegitura eta zerbitzuak behar bezala antolatzeko izena ematea beharrezkoa da eta zabalik dago, urriaren 8ra arte. “Sakanako ikastetxe guztietan eman ahalko da izena eta baita Mank-eko Kirol Zerbitzuan ere (948 464 866 edo kirolak@sakana-mank.eus)” azaldu zuen Gerrikagoitiak.
Bestalde, ohiko oharrak errepikatu zituen: partaideak antolakuntzak zehaztutako bidetik ezin direla atera, kaskoa derrigorrezkoa dela, egunerako bizikleta doitzea edo puntuan jartzea ezinbestekoa dela eta segurtasunari begira uneoro antolakuntzari kasu egitea. Atzetik autobusa eta kamioia joango dira, norbaitek martxa utzi nahi izanez gero, bizikleta kargatu eta autobusera igotzeko.
Autobusa goizeko 7:45ean abiatuko da Ziorditik, Sakanako Bizikleta Egunean izena eman duten partaideak herriz herri jaso eta Irurtzunera, abiapuntura eramateko. Behin proba bukatuta, euren etxeetara eramango dituzte. “Ea egun ona ateratzen den, hori da garrantzitsuena” nabarmendu zuten antolatzaileek.