Genero indarkeriaren kontrako Estatu Itunetik Nafarroako udalerriek 946.074,45 euro jaso dituzte. Eta kopuru horren %5,49, 51.950,52 euro, Sakanara iritsi dira. Altsasuko Udalaren Berdintasun Zerbitzuak 13.444,88 euro jasoko ditu. Ibarreko gainontzeko 14 udalerriek bere eskumenak Sakanako Mankomunitatearen esku utzi zituzten eta haien bidez Sakanako Berdintasun Zerbitzuak 38.505,64 euro jasoko ditu. Ibarreko bi berdintasun zerbitzuek elkarrekin hainbat proiektu egin dituzte, eta koordinatuta lan egiten dute. Horren emaitzetako bat www.jarain.app webgunea eta telefono mugikorretarako aplikazioa dira.
Ordainketa, ohi bezala, udalei beraiei egin zaie, aldez aurretik eskatu beharrik gabe. Funtsak proiektu edo programak egiteko erabiliko dituzte Berdintasun Zerbitzuek. Honako jarduerak egin ditzakete: emakumeen kontrako indarkeria mota guztien sentsibilizazio eta prebentzio kanpainak eta informazio eta hedapen materialak egitea; tokiko eremuan erakundeen erantzuna hobetzeko lankidetza eta koordinazio tresnak sustatzea; emakumeen aurkako indarkeria kasu baten aurrean nola jokatu behar den herritarrei jakinarazteko puntu bioletak ezartzea; biktimei arreta eta informazioa emateko udal zerbitzuak indartzea; eta emakumeen aurkako indarkeria mota guztien prebentzioari buruzko prestakuntza espezializatua eta jarraitua ematea emakume eremuko profesionalei. Jarduerak aurtengo garilaren 1etik 2022ko garagarrilaren 30era bitartean egin behar dituzte.
Dirulaguntzak udalerrien biztanle kopuruaren arabera banatzen dira. Hortik aurrera, banaketa horren ondoren geratzen den gerakina VioGénen sartutako udalerri guztien artean (Genero Indarkeriaren kasuetan Jarraipen Sistema Integrala) eta 2021eko abuztuaren 1ean ATENPRO (Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko eta Babesteko Telefono Zerbitzua) erabiltzen duten biktimak erroldatuta dituzten udalerrien artean banatzen da.