Nafarroako Unibertsitate Publikoko Nafarroako Memoria Historikoaren Dokumentu Funtsak “Gerra Zibilean eta lehen frankismoan (1936-1948) Nafarroan izandako errepresioaren biktima hilkorren zentsua” ikerketa egin du, Fernando Mendiola Gonzalo irakasleak gidatuta osatutako lana. Txosten horretan 1936 eta 1948 artean Nafarroan izandako errepresioari buruzko zifrak eguneratu dituzte.
Ondorioz, gaur egun funtsaren datu basean 3.507 biktima daude erregistratuta, garai horretan errepresio frankistak hildakoak, 1936ko garilean Nafarroan bizi zirenak edo Nafarroan erailak izan zirenak. Nafarroan eraildakoen artean 70 sakandar (%1,99) daudela jaso du funtsak. Ibarreko bost udalerritan ez zen erailketarik izan, gainontzekoetan bai. Herrietako eraildakoen eta mila biztanleko tasari erreparatuta, eraildako gehien izan zuen herria Olatzagutia izan zen, 11,89 (20 eraildako). Atzetik honako udalerriak ditu: Altsasu 8,39 (28), Ziordia 6,01 (3), Etxarri Aranatz 6 (9), Arbizu 4,91 (4), Uharte Arakil 3,87 (3), Bakaiku 2,46 (1), Lakuntza 1,55 (1) eta Arakil 0,46 (1).
Txosten horrekin batera, osagarri gisa, kartografia atal bat ireki dute funtsaren web orrian, goiko barrako "mapak" menutik eskura daitekeena. Bertan, udalerri bakoitzeko eraildako pertsonen kopuruak eta tasak kontsulta daitezke, Nafarroan bizi ziren biktimen kasuan, bai eta bizileku dituzten probintziak ere, estatu-kolpea gertatu zen unean Nafarroan bizi ez ziren pertsonen hilketa eta heriotza gatibuen kasuan. Kartografia-atal hau berrikuntza bat da Memoria Historikoaren Dokumentu Funtsaren lanak Nafarroan zabaltzeko eta ikusarazteko orduan, eta etorkizunean mapa espezifikoagoekin edo beste kategoria errepresibo batzuei buruzkoekin osatuko da.
1936ko estatu kolpearen ondoren eraildakoen kopuruak | |||
Udalerria | 1930eko populazioa | Erailak | Tasa %0 |
Altsasu | 3.339 | 28 | 8,39 |
Arakil* | 2.151 | 1 | 0,46 |
Arbizu | 815 | 4 | 4,91 |
Arruazu | 275 | 0 | 0 |
Bakaiku | 407 | 1 | 2,46 |
Ergoiena | 1.094 | 0 | 0 |
Etxarri Aranatz | 1.499 | 9 | 6 |
Irañeta | 361 | 0 | 0 |
Iturmendi | 423 | 0 | 0 |
Lakuntza | 647 | 1 | 1,55 |
Olatzagutia | 1.682 | 20 | 11,89 |
Uharte Arakil | 775 | 3 | 3,87 |
Urdiain | 763 | 0 | 0 |
Ziordia | 499 | 3 | 6,01 |
Sakana | 14.730 | 70 | 4,75 |
*Garai hartan Irurtzun Arakilen parte zen. | |||
Iturria: Nafarroako Unibertsitate Publikoa. |