Lana bilatzeko. Sentimentala. Burua aktibo mantentzeko. Afektiboa. Euskararen alde egotetik, euskal komunitatearen parte izatera pasatzeko. Euskaraldian parte hartzeko. Bertsolariak ulertzeko. Kantuak abesteko… Makina bat arrazoi daude euskara ikasteko. Eta guztiak dira baliagarriak.
Euskara ikasi nahi duten pertsona helduek horretarako dituzte euskaltegiak. Sakanako AEK-k bere matrikulazio epea asteartean itxiko du. Euskararen ikasketa prozesuari berari buruzko informazioa jaso nahi duenak 948 468 258 telefonora hots egin dezake. Bestela, Altsasuko Gartzia Ximenez kaleko 46. zenbakian dagoen Itsasi euskaltegitik pasa daiteke, 09:30etik 14:00era edota 16:00etatik 19:30era. Beste aukera da sakana@aek.eus e-posta helbidera idaztea.
Sakandar berriendako ikastaroa
Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuak eta Euskara Zerbitzuak oinarrizko euskara ikastaroa antolatu dute. Ibarrean bizi eta euskararekin harremanik ez duten sakandar berriei zuzenduta dago ikastaroa. Haren helburua da ikasleek euskararen eta euskal kulturaren oinarrizko ezagutza lortzea.Ikastaroa lastailaren 13tik otsailarenaren 21ra izanen da, astelehen eta asteazkenetan, 9:30etik 11:30era (moldagarria), Lakuntzan. 60 orduko ikastaroa da, doakoa, AEK-k emanen duena.
Plaza mugatuak dira eta interesa duenak anitzartean@sakana-mank.eus e-postaren bidez edo Euskara Zerbitzuan 948 464 840 telefono zenbaki edo euskara2@sakana-mank.eus helbidearen bidez egin dezake izen ematea. Azken bi horietan euskara ikasle guztiek dirulaguntzen berri jaso dezakete ere.