Guda kontseiluak heriotza zigorra ezarri eta 1975eko irailaren 27an fusilatu zituzten Juan Paredes Manot (Txiki) eta Angel Otaegi Etxeberria ETAko kideak, baita FRAPeko Xose Humberto Baena, Jose Luis Sanchez Bravo eta Ramon Garcia Sanz ere. Lehen bien oroimenez ezker abertzaleak egun hori Gudari Eguna izendatu zuen, eta gaur aldarrikapen mobilizazioak eginen dira Sortuk deituta, Euskal Herria bihotzean, independentzia! lelopean. Haren bidez Sortuk adierazi nahi du “gure herriarekiko maitasunak ezinbesteko sugarra izaten segitzen duelako askapen borrokan aurrera egiteko. Eta independentzia, noski, Euskal Herriaren etorkizuna ezinbestean, hortik pasatzen delako eta horrek jarraitzen duelako izaten gure eskaintza euskal jendarteari”.
Sortuk salatu duenez, “oroimena debekatzen duen sasi demokrazia batean bizi gara. Irailaren 27ari lotutako ekitaldi hau urtero egiteko asmoa dugu, aurrera egiteko oroitzea ezinbestekoa zaigulako; nora goazen jakiteko, nondik gatozen jakitea ere funtsezkoa zaigulako; herri honek behar-beharrezkoa duen elkarbizitza eraikitzen jarraitu nahi dugulako”. Ezker abertzaleko alderdiak gaztigatu duenez, “sufrimendu guzti-guztien oroimena aldarrikatzen dugu, batzuena zein besteena, inor bazterrean utzi gabe, soilik modu horretan eraiki baitaiteke herri honek hain beharrezko duen memoria partekatua eta elkarbizitza”.