“Euskararen aldeko gehiengo soziala eraiki nahi dugu”

Alfredo Alvaro Igoa 2021ko urr. 4a, 14:31
Oskar Zapata Solano. EUSKALTZALEEN TOPAGUNEA

Euskaltzaleen Topaguneak antolatuta Iruñeko Kondestable jauregiak ‘Nafarroan euskararen aldeko jarrerak indartzeko aukerak’ jardunaldia hartuko du lastailaren 14an. 

Topagunearen helburu estrategikoetako bat da etorkizunean Nafarroako biztanleriaren gehiengoa euskararen indarberritze prozesuaren alde egotea. Hori gogoan antolatu du jardunaldia. Oskar Zapata Solanok Nafarroako Euskaltzaleen Topaguneko arduradunak, haien berri eman du. 

Zergatik antolatu duzue jardunaldia?
Bereziki hiru atal begiratzen dira soziolinguistika inkestetan. Ezagutza eta erabilera datuak eta euskararen erabilera sustatzeko jarrerak. Euskaltzaleen Topagunea beti egon da erabilera sustatzeko proiektuetan. Baina ikusi dugu inkestaz inkesta errepikatzen den datua: Nafarroan euskararen sustapenaren kontrako jarrerak oso-oso kezkagarriak dira. %39,1 kontra daude eta %27,6 ez alde ez kontra. Bai, nafarren heren bat euskara sustatzearen alde gaude. Baina gehiengo soziala izatetik urrun gaude. Uste dugu unea dela fokua hor jartzeko; horri buelta eman nahian, etorkizunean euskararen sustapenaren alde gizartearen gehiengoa egon dadin. 

Jarrerak indartu beharra badago, ahul daudenaren seinale. Zergatiak aztertu dituzue? 
Asko daude. Gonbidatu ditugun hizlariak, hain zuzen ere, horren inguruan ibili diren pertsonak dira, eta beraien iritzia jasotzea asko interesatzen zaigu. Hainbat ertzetatik begiratuko dute. Eta, jakina, irtenbideak bilatu nahian, guk geuk ere aztertu ditugu zergatiak. Argi dago euskararen ezagutza urriagoa den lekuetan nabarmen-nabarmen dagoela kontrako jarrera. Hori da ikusten dugun auzi inportanteetako bat: euskara ezagutzen ez duen pertsonak, hezkuntzaren bitartez inoiz inolako kontakturik izan ez dutenak, eremu horretan kontrakotasun zenbakiak askoz handiagoak dira, %59,1. Hor arazo handietako bat dago: euskaratik urrun bizi diren edo biziarazi dituzten pertsonak, inolako aukerarik izan ez dutelako euskara ezagutzeko, entzuteko, ikusteko… hezkuntzaren bitartez. 

Arazo handi hori konpontzeko politika neurriak behar dira. Gaur egun hori sustatzearen aldeko politika gehiengorik ez dago. Garbi dago hauteskunde kalkuluak ere badaudela: oraindik alderdi batzuek errentagarri ikusten dute euskararen sustapenaren kontra agertzea, inolako sustapen neurririk  hartu gabe. Pentsatzen dute halako jarrerekin botoak irabazten dituztela. 

Badaude politikoagoak eta sozialagoak diren gaiak. Nafarroan dagoen identitateen talka. Politika proiektuen artekoa, Espainia eta Euskal Herria, nolabait esatearren. Bi Nafarroak iraunarazteko tentaldia dago. Eta, garbi, Nafarroan bizikidetzaren kontrako neurria da. Ezin baita elkarbizitza ulertu bestearen ukaziotik, baizik eta, nolabait, komunitateen integraziotik pentsatua. 

Sozialagoa den beste alde bat ere badago. Aspalditik lan arloan mehatxua sentitzen duten batzuk. Etorri berriak D edo A ereduen bidez eskolatu beharrean gobernuaren aldetik egiten den oso ahalegin handia, batez ere, G ereduan integratzeko. Horrek sortzen dituen bestelako ajeekin: D ereduan bertan, baina desberdinekiko distantzia. Biktimismoa gure aldetik, desberdinak direnak askoz okerrago bizi direnean… Hainbat gai gatazkatsu daude. 

Euskaldunok jarrera batzuekin, edota euskara ez hitz eginez, oztopoak jartzen ditugu, ezta? 
Bai. Kritika eta autokritika egin behar dugu denok. Guk geuk gai batzuk errebisatu beharra baditugu. Batez ere desberdinekiko dagoen distantzia hori. Desberdinen arteko aliantzak nola landu, dauden bestelako gizarte eta politika eragileak, ez alde ez kontra, neutroago aritzen direnak; ez dakigu nola jokatu, nola hurbildu haiengana. Gure ajeen artean halakoak baditugu. Kontrakotasun hori sustatu nahi duten horiek beraien diskurtso markoan, beraien agendan, jartzen gaituzte. Argi dago askotan gure diskurtsoak, gure ekimenak markatzen dutela. Hainbat gai daude. 

Zer bilatu nahi duzue jardunaldiekin? 
Euskararen indarberritze prozesuaren alde egoteko aliantzak, eraginak, praktikak eta diskurtso eredugarriak. Hizlari bakoitzak gai batean zentratuta bere azterketa egin du, eta haiek ekarriko dituzte, gogoetak egin ditzagun. Esaterako, erdaldun ez euskaltzaleen aurreiritziak-eta zein diren aztertu ditu Xabier Erize soziolinguistak. Eusko Ikaskuntzaren azken ikerketan elkarbizitzarekin eta aniztasunaren kudeaketa demokratikoarekin lotuta hainbat kontu agertu ziren. Amaia Nausiak jarriko ditu mahai gainean. Ikus dezagun hondoan dauden bestelako diskurtsoak eta praktikak, beharbada egunerokotasunean kontuan hartzen ez ditugunak, eta jakitea komeni zaizkigunak.  Komeni zaigu jakitea kontra eta ez alde eta ez kontra dauden horiek ere zer pentsatzen duten. Azken batean, gehiengo sozialak eraiki nahi ditugu. Euskararen sustapenaren alde erabaki irmoak hartzen direnean atzera ezinak bilaka daitezen. Ez dadila joko alderdikoien baitan orain kendu, orain eman eta abar. Guztion lana da gehiengo sozialak eraikitzea. Nafar guztion lana da ikustea Nafarroa modu integratuagoan ulertzeko eta balore positiboetan oinarritutako herritarren arteko bizikidetza lantzeko aukera. Hori beti integraziotik ulertuta izanen da. Inoiz ez komunitate baten ukaziotik. 

Irizpide horiek dituztelako gonbidatu dituzue lau hedabideetako zuzendariak? 
Bai. Batetik, nahi genuen komunikazio estrategietan hainbat gako teoriko ekartzea. Pilar Kaltzadak ekarriko du hori. Euskararen komunikazio estrategiarako gako batzuk. Bestetik, gizartearen behatzaile diren heinean, jakin nahi genuen hedabideetako hainbat zuzendarik (Diario de Noticias, Ser, Gara eta Euskalerria Irratia) nola ikusten duten komunikabideen papera halako indarberritze prozesu batean aldekotasun jarrerak hobetzeko. Eta, behatzaile diren heinean, interesatzen zaigu asko gizartean nola ikusten duten euskararen gaia eta zein proposamen egin ditzaketen aldekotasuna indartzeko. 

Euskalgintza mugimendu feministari begira dago. Eta jardunaldietan izanen da. 
Asko du ikasteko mugimendu feministatik. Gizartean ematen ari diren pauso positibo guztiak, edo gehienak, beraien ekarpena dira. Zer ikasi eta nori begira badugu. Proposatu genienean, berehala onartu zuten. Beraiek ere ikusten dutelako badaudela hor sinergiak lantzeko, badaudelako gizarte mugimenduen artean halako paralelismoak. Mugimendu feministak pauso asko egin ditu, ez dakit  euskararen eraberritze mugimendura ekarri daitezkeen edo ez, baina hortik zer ikasi badugu. Ezinbestekoa zen haren presentzia. Gainera, gizarte mugimenduekin, oro har, aliantzak edo elkar ezagutzeko ahalegin gehiago egin nahi ditugu, behintzat Euskaltzaleen Topagunetik. Elkar ezagutzeko, elkar entzuteko, ikusteko zein aukera egon daitezkeen aurrerapausoak emateko elkarrekin. 

Gazteak etorkizuna dira, eta jardunaldietara gonbidatu dituzue. 
Entzuten da, eta inkestetan hasi da nolabait agertzen, zenbat eta gazteagoa izan orduan eta euskararekiko kontrakotasun gutxiago dago. Badirudi normalago ikusten dela, indarberritze prozesua balore positiboekin lotzen dute, kultur eta gizarte aberastasuna, integratzeko aukera… Horregatik, oso inportantea iruditu zitzaigun haien ahotsak ekartzea. Gainera, geografikoki, begirada desberdinak ekarriko dituzte: Erribera, Iruñea, Pirinioak… Entzun eta ikasteko.  

Guztia etorkizunean nafar gehiago euskararen indarberritze prozesuarekin enpatiko izateko. 
Garbi dugu: euskararen aldeko gehiengo soziala eraiki nahi dugu. Iruditzen zaigu garrantzitsua izanen dela etorkizunean. Batez ere, ezinbestez indarberritze prozesuan hartu beharreko lege eta sustapen neurriak gizartearen gehiengoak onartuak izateko. Hori eraikitzeko bidean hainbat gauza egin beharko ditugu. Eta hainbat diskurtso eta praktika berrikusi, egokitu, hobetu beharko ditugu. Eta, batez ere, aliantza berriak batez ere landu beharko ditugu. Hor ere lan egin behar dugu. 

Nafarroako Gobernua jardunaldien babeslea da. Zeren seinale da hori? 
Gai horretan ere interes handia du. Bere euskararen bigarren estrategia planaren zirriborroan atal oso bat eskaini diote. Uste dut adostasun soziala deitzen diotela. Esanen nuke gobernuaren programa akordioan halako zerbait jasoa zegoela. Eta haiek ere ikusten dute jarreren gaian bide berriak jorratu behar direla. Hain zuzen ere, helburu berarekin. 

Harengan ere eragin beharko da? 
Dudarik gabe. Gizarte, politika eta ekonomiako eragile guztiengan eragin behar da. Batzuengan irisgarritasun handiagoa izanen dute gizarte mugimenduek. Eta besteengan alderdiek, sindikatuek edo gobernuek. 

Beraz, jardunaldiko hausnarketak norabide guztietan zabalduko dira?
Hori da gure nahia. Ez da hasiera bat. Gai hori aspaldi dago guztion mahai gainean. Baina iruditu zaigu fokua momentu batean jartzeak laguntzen duela lastailetik aurrera gai horren inguruan lanean segitzeko agente guztiek. 

Nori dago zuzenduta? 
Gizarte osoari. Fokua euskaltzaleengan jarri dugu. Inportantea zen euskaltzaleen artean ditugun aukera horiek elkarrekin hausnartzea. Jardunaldiak itzulpen zerbitzuarekin eginen ditugu; erdalduna izanik ere parte hartzeko aukera dago. Bi mahai inguruak mistoak izanen dira: parte hartzaileek hizkuntza batean edo besteak hitz egiteko aukera izanen dute. Inguruan dauden euskaltzaleen komunitatean kezka dagoela ikusten dugu, eta ireki eta parte hartzeko aukera eman nahi genien. Era guztietako eragileak gonbidatu ditugu. Leku askotan ibiltzen diren eragileak. Euskaltzaleak ez direnak ere. 

Non eman behar da izena? Noiz arte? 
Izena www.topagunea.eus web orriaren bidez eman behar da. Lastailaren 8ra arte dago epea zabalik. Aforo mugatua denez, aldez aurretik komeni zaigu jakitea gauzak nola dauden. Gaur gaurkoz 80 pertsona besterik ez dira sartzen. Aukera egonen da ere streaming bitartez segitzeko. Baina jendea aurrez aurre parte hartzera gonbidatu nahi dugu. Jendearekin egon, hitz egiteko aukera dago. Katakraken bazkaria eginen dugu. Bada garaia jendearekin aurrez aurre egoteko. 

 


Egitaraua 
08:30etik 09:00era Materiala jaso.
09:00etatik 09:30era Irekiera ekitaldia. Ana Ollo (Nafarroako Gobernua) eta Oskar Zapata (Euskaltzaleen Topagunea).
09:30etik 10:30era Gaztelaniaz bizi diren nafarren motibo subjektiboak euskararen sustapenean txertatzea: ikerketa esploratzaile bat. Xabier Erize (Soziolinguista. Filologian doktorea).
10:30etik 11:15era Nafar herritarrak eta euskararen kudeaketa. Amaia Nausia (Eusko Ikaskuntza)
11:15etik 11:45era Atsedena.
11:45etik 12:45era Tertulia. Hedabideetako zuzendariak: Iñaki Soto (Gara), Joseba Santamaria ( Diario de Noticias) Javier Lorente (Ser irratia), Juan Kruz Lakasta ( Euskalerria Irratia). Gidaria: Itziar Luri (Labrit). 
12:45etik 13:45era “Komunikazioa-inkomunikazioa”: gakoak. Pilar Kaltzada (Linking ideas).
14:00etatik 15:30era Bazkaria.
15:30etik 16:15era. Gizarte Mugimenduak. Amaia Zufia eta Irati Majuelo (Mugimendu feministako kideak). 
16:15etik 17:00etara Tertulia.Gazte mugimendutik: Lur Albizu, Cristina Oses, Juan Gutierrez, Lohizune Amatria.
17:00etatik 17:15era Itxiera ekitaldia.