Aste batean bi final jokatuko ditu Jose Javier Zabaletak. Igandean Masters CaixaBank Torneoko finala jokatu eta irabazi zuen, Olaizolarekin batera, eta igande honetan Sanmateotako Binakako Torneoko finala jokatuko du Logroñoko Adarragan, Victorrekin bikotea osatuta.
Atzo torneoko finalerdia jokatu zuten Victorrek eta Zabaletak Ezkurdiaren eta Rezustaren kontra. Ezkurdia eta Rezusta izan ziren Adarragan hobe hasi zirenak: 9 eta 3 aurreratu ziren. Ezkurdia ongi zebilen, eta Zabaleta jokoz kanpo uzten jakin zuen. Tarte horretan Zabaleta nahiko deseroso ibili zen, baina Etxarrengo atzelariak Adarragan bere tokia egin zuenean, makineria martxan jarri eta partida guztiz aldatu egin zen. Zabaletak Rezusta zigortu zuen, aginte makila hartu, eta berak eta Victorrek partidari buelta ematea lortu zuten. Azkenean, 17 eta 22 gailendu ziren, Logroñoko zaleen txalo zaparrada artean. Zabaletarekin jokatzea pribilegio hutsa bilakatzen ari da.
Sanmateotako Binakako Torneoko beste finalerdia Olaizola II.a-Mariezkurrenak eta Jaka-Albisuk jokatuko dute, gaur, ostirala, 21:30ean hasiko den jaialdian (ETB1). Gaurko biko garaileak Victor eta Zabaleta ditu zain igandean jokatuko den final handian.
Martija, ardoaren desafioan
Larunbatean Añares Ardoaren Desafioa jokatuko da Adarragan, eta bertan lehiatuko da Julen Martija, binakako partidan. Etxeberrikoak Jokin Altunarekin osatuko du bikotea, eta Laso eta Imaz izanen dituzte aurkari goi mailakoa izanen den partidan. Aurretik, Zabalak eta Zubizarreta III.ak lau eta erdiko partida jokatuko dute, eta, bukatzeko, Dario eta Agirre frontoi guztian lehiatuko dira, buruz buru.