Txirrindularitza

Erbiti Mundialaren hasierako ihesaldian sartu zen

Guaixe 2021ko ira. 27a, 10:55

Gorka Izagirre eta Imanol Erbiti, atzean, Mundialeko taldeen aurkezpena egin eta gero. ESPAINIAKO FEDERAZIOA

Alaphilippek jantzi du, bigarrenez, ortzadarraren maillota igandean Flandesen jokatutako Mundial ikusgarrian. Emakumezkoen junior mailako lineako lasterketan Nahia Imazek erorikoa izan zuen

Atzo jokatu zen Munduko Txirrindularitza Txapelketako elite mailako lasterketa, Flandesen. 268 kilometroko lasterketa gogorra bezain ikusgarria izan zen, eta Julian Alaphilippe frantziarra izan zen protagonista nagusia. Alaphilippe lehen unetik egon zen aktibo, eta helmugarako 55 kilometroren faltan, erabakigarria izan zen ihesaldian sartu zen. Sekulako pedalkada kolpearekin, zirkuituko azken aurreko itzulian erasoa jo, aurrera egin, eta bakar bakarrik iritsi zen helmugara (5:56:34), Louvain hiriko kaleak betetzen zituzten bizikleta zaleen txalo zaparrada artean. Bigarren urtez, merezitako munduko txapelduna da Alaphilippe. 

Imanol Erbitik lan itzela egin zuen atzera ere. Helmugarako 170 kilometroren faltan sortu zen ihesaldian sartu zen, besteak beste Evenepoel, Roglic, Nielsen, Asgreen, Demare, Cosnegroy, Bisseger eta McNultyurekin batera. Baina euren ekimenak ez zuen fruiturik eman. Gorka Izagirrek ere lan txukuna egin zuen. Biak Ivan Garcia Cortina liderraren alde aritu ziren, baina ez zen ihesaldi erabakigarrietan sartu eta, azkenean, 23. postuan sailkatu zen. Izagirre 42. sailkatu zen, eta Imanol Erbiti 43., biak 6:31ra. 

Nahia Imazen erorikoa
Larunbatean junior mailako Munduko Txapelketa jokatu zen, eta tartean Nahia Imaz aritu zen, baina zirkuituaren bigarren itzulian altsasuarrak erorikoa izan zuen eta Mundiala utzi behar izan zuen.