Aurreikusitakoa baino beranduago iritsi da 45. Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Urte hasieran egitekoa zen, baina COVID-19 birusak eragindako egoeragatik atzeratzea erabaki zuten. Udazkenera arte, eta udazkena iritsi da. Ekainean jokatutako aurrekanporaketen ondoren, larunbatean, urriaren 2an, hasiko dira Nafarroako Bertsolari Txapelketaren final laurdenak. Guztira, 29 bertsolarik eman zuten izena txapelketan, eta 24 hasiko dira datorren larunbatean txapela lortzeko ibilbidean. Tartean lau sakandar: Eneko Lazkoz etxarriarra, Oier Lakuntza urdiaindarra eta Ekain Alegre eta Idoia Granizo altsasuarrak. Lau final laurden izanen dira, hiru finalaurreko eta finala, azaroaren 28an jokatuko dena, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian.
Nafarroako Bertsozale Elkarteak, txapelketaren antolatzaileak, esan duenez, pandemiak "hankaz gora jarri du bizitza, eta bizitzarekin batera bertsolaritza. Izurriak erabat moteldu du bertso plaza". Bertsolaritza Txapelketak bertsolaritzari bultzada eman nahi dio, "plazak berriz indartzen joan daitezen". Bertsolaritzaren eta kultur sorkuntzaren "defentsarako" tresna izatea ere nahi du. "Kultura segurua da".
Pandemiak sortutako egoerari aurre egitea ez ezik, txapelketaren helburuetako bat da bertso zaletasuna dagoen tokietan sustatzea, eta zaletasun "ez hain handia" dagoen tokietan ezagutaraztea. Bestetik, bertsolariei goi mailako plazak eskaini eta ezagutzera ematea ere bada txapelketaren xedea. Bertsolaritzaren munduan aritzen direnak elkartzeko aitzakia ere bada. Amaitzeko, helburu nagusietako bat Bertsolari Txapelketa Nagusian ariko diren nafar ordezkariak aukeratzeko txapelketa da.
Txapelketa
Bi hilabetez Nafarroa goitik behera eta ezkerretik eskuinera zeharkatuko du Nafarroako Bertsolari Txapelketak. Ekaineko aurre kanporaketen ondoren, txapelketak hiru fase izanen ditu, zortzi saiotan banatuta: lau final laurden, hiru finalaurreko eta finala. 24 bertsolari ariko dira larunbatean Izaban abiatuko den ibilbidean.
29 bertsolarik eman zuten izena Nafarroako Bertsolari Txapelketan. Ekainean jokatutako aurre kanporaketetan hamahiru bertsolari sailkatu ziren. Aurre kanporaketetan parte hartzaile berriek eta aspaldi txapelketan parte hartu gabe zeuden bertsolariek parte hartu zuten, tartean Ekain Alegre eta Idoia Granizo altsasuarrek, bere lehenengo txapelketa jokatuko dutena, eta Oier Lakuntza urdiaindarra, oholtzara itzuliko dena. Aurrekanporaketatik sailkatutako bertsolariekin batera, aurretik sailkatutako hamaika bertsolariek osatuko dute txapelketaren kartela; guztira, 24 bertsolari. Eneko Lazkoz aurrek txapelkataren txapeldunordea izateagatik, aurtengoan zuzenean final laurdenetarako sailkatu da. Bertsolariekin batera epaileak, gai jartzaileak eta laguntzaileak ariko dira txapelketan. Joseba Beltza Bengoetxea etxarriarra epaile izanen da.
Izaban, Tafallan, Zangozan eta Donezteben jokatuko dira final laurdenak, urriaren 2an, 9an, 10ean eta 16an, hurrenez hurren. 24 bertsolarietatik 18 sailkatuko dira hurrengo faserako, finalaurrekoetarako. Hiru finalaurreko izanen dira, lehenengoa, azaroaren 1ean, Altsasuko Iortia kultur gunean. Azaroaren 6an bigarren saioa izanen da, Berriozarren, eta hirugarrena azaroaren 14an, Leitzan. Zortzi bertsolari sailkatuko dira finalerako. Iruñeko Anaitasuna kiroldegian izanen da, azaroaren 28an. Saio guztiak 17:30ean izanen dira, finala izan ezik, 17:00etan izanen dena.
Bertsolariak
Idoia Granizo Uribarrena altsasuarra izanen da lehenengo sakandarra 2021ko Nafarroako Bertsolari Txapelketaren final laurdenetan parte hartzen. Larunbatean, urriak 2, izanen da, Izabako zineman. Julen Zelaieta Iriarte, Eneko Fernandez Maritxalar, Endika Legarra Nuin, Patxi Castillo Graziarena eta Aitor Irastortza Arrizurietarekin ariko da. Gai jartzailea Alaitz Rekondo Ferrero izanen dira. Eneko Lazkoz Martinez etxarriarrak bigarren final laurdekoan parte hartuko du, Tafallako kultur etxean, urriaren 9an. Saioa Alkaiza Guallar, Alazne Untxalo Erregerena, Ekhiñe Zapiain Arlegi, Erika Lagoma Pombar eta Urko Gartzia Aleman bertsolariek parte hartuko dute harekin batera. Gai jartzailea Ander Aranburu Arriola izanen da.
Zangozako Karmengo Aretoan Oier Lakuntza Irigoien urdiaindarra ariko da, urriaren 10eran. Harekin batera Joanes Illarregi Marzol, Xabat Illarregi Marzol, Sarai Robles Vitas, Xabier Silveira Etxeberria eta Mikel Lasarte Zia ariko dira. Zigor Gartzia Arregi "Zian" izanen da gai jartzailea. Urriaren 16an, Doneztebeko Zineman, Ekain Alegre Gil altsasuarra ariko da. Julio Soto Ezkurdia, Josu Sanjurjo Altzuri, Iker Gorosterrazu Elizagoien, Egoitz Gorosterrazu Elizagoien eta Sahats Aleman Sadaba bertsolariak ariko dira bertan. Gai jartzailea Maialen Belarra Eneterreaga izanen da.
Finalaurrekoak
Lehenengo finalaurrekoa Altsasun izanen da, azaroaren 1ean, Iortia kultur gunean. Bertan Izabako irabazleak eta sailkapenean bigarren, hirugarren, zortzigarren, bederatzigarren eta hamalaugarren sailkatutakoak parte hartuko dute. Bigarren finalaurrekoa Berriozarko Entzunaretoan izanen da, azaroaren 6an, eta Tafallako irabazleak eta sailkapeanren lehenengoak, laugarrenak, zazpigarrenak, hamargarrenak eta hamahirugarrenak parte hartuko dute. Azken finalaurrekoa Leitzako Herri Aretoan izanen da eta Zangozako eta Doneztebeko irabazleek eta sailkapenaren bosgarren, seigarren, hamaikagarren eta hamabigarren sailkatutako bertsolariek parte hartuko dute.
Azaroaren 1ean, Altsasun
Lehenengo finalaurrekoa Iortia kultur gunean jokatuko da, azaroaren 1ean, astelehena, 17:30ean. Bertan Izabako irabazleak eta sailkapeneko bigarren, hirugarren, zortzigarren, bederatzigarren eta hamalaugarren sailkatutakoek parte hartuko dute. Guaixe Fundazioak saiorako bi sarrera zozketatuko ditu.
Saioetako sarrerak bertsosarrerak.eus atarian eros daitezke, Zangozakoak izan ezik.