Txirrindularitza

Hugo Aznar, Aimar Tadeo eta Quesos Albeniz Atarrabiako podiumean

Guaixe 2021ko ira. 28a, 12:30

Indurain anaiak egon ziren sari ematean, eta podiumean sakandarrak izan ziren nagusi. MARTIN EARLY

Igandean jokatutako XXV. Indurain Anaiak Sari Nagusian Quesos Albeniz taldeko txirrindularia bigarren izan zen eta Sakana Group taldekoa hirugarren. Talde onenaren saria Quesos Albenizek jaso zuen

Igandean juniorren eta kadeteen Nafarroako egutegiko azken aurreko proba hartu zuen Atarrabiak: XXV. Indurain Anaiak Sari Nagusia. 86 kilometroko lasterketa gorabeheratsuan bi kategorietako txirrindulariek parte hartu zuten, hau da, juniorrek eta kadeteek. Izen handiko lasterketa da hau, bai duen izenagatik eta baita denboraldi bukaerako lasterketa delako. Hori dela eta, mugimendu handikoa izan zen, baina bukaera aldera 30 txirrindulari inguruko taldea iritsi zen batera helmugara. Esprint estuan Diego Ruiz de Arkaute (Iridoi) gailendu zen, Quesos Albeniz taldeko Hugo Aznarren eta Sakana Group taldeko Aimar Tadeoren aurretik. Top Tenean beste hiru sakandar sailkatu ziren: Jon Erdozia (Sakana Group) laugarren izan zen, Mikel Unzilla (Quesos Albeniz) seigarren eta Sergio Lopez (Quesos Albeniz) zortzigarren. 

Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Martzel Etxeberria (Sakana Group) 16. sailkatu zen, Unai Garro (Sakana Group) 18., Iker Agudelo (Quesos Albeniz) 37., Asier Etxeberria (Quesos Albeniz) 45., Aitor Ondarra (Sakana Group) 48., Mikel Regil (Quesos Albeniz) 58., Manex Zufiaurre (Sakana Group) 64., Alex Lopetegi (Sakana Group) 68., Aritz Oiarbide (Sakana Group) 69., Xabier Borrega (Quesos Albeniz) 71. eta Ander Villalobos (Quesos Albeniz) 80. 

Talde onenaren saria Quesos Albenizek jaso zuen.

Denboraldiko azken lasterketa igandean jokatuko dute kadeteek eta juniorrek, II. Atarrabia Saria. 

Elgoibarren Hugo Aznar txapeldun
Irailaren 18an Quesos Albeniz-Burunda taldeak Elgoibarren jokatutako lasterketan aritu ziren eta gorritxoek primerako lana egin zuten. Garaipena etxera ekarri zuten, Hugo Aznar gailendu baitzen. Txapelketa irabazteaz gain, mendiko saria lortu zuen Sakanako taldean trebatzen den Kortesko txirrindulariak. Bestalde, lasterketako talde onenaren saria jaso zuen Quesos Albeniz-Burundak. 

Bestalde, aipatzekoa da eskola mailetako neska-mutilek denboraldiko azken lasterketa irailaren 19an jokatu zutela, Egüesen.