Udako torneoak bukatu berri, eta atzo, asteartean bertan aurkeztu zuten 2021eko Lau eta Erdiko Pilota Txapelketa, hilabete eta erdi eskasean erabakiko dena. Txapelketa asteburu honetan bertan hasiko da eta Joseba Ezkurdia izango da Sakanako ordezkari bakarra.
Asteburu honetan final zortzirenak jokatuko dira. Ostiralean, Artolak Elordi izango du aurkari Mallabian, eta irabazleak Altuna III.a izanen du zain urriaren 10ean Eibarren jokatuko den partidan. Larunbatean, Donostian, Laso eta Peña lehiatuko dira, eta irabazleak Joseba Ezkurdiaren kontra jokatu beharko du urriaren 9an. Igandean, Lekeition, Urrutikoetxearen eta Victorren kontrako partida jokatuko da, eta irabazlea Jakaren kontra lehiatuko da urriaren 12an. Bukatzeko, astelehenean, Etxeberriaren eta Elezkano II.aren kontrako partida hartuko du Tolosako Beotibarrek. Irabazleak Bengoetxea VI.a izanen du zain urriaren 8an Balmasedan jokatuko den partidan.
Finala azaroaren 14an jokatuko da, Bilbon.