Harri jasotzean aritzeko indarra baino teknika dela garrantzitsuagoa esaten du, behin eta berriz, Sakanako Harri Jasotze Eskolako irakasle eta arduradun Mikel Lasartek. Eta, hain zuzen ere, teknika eta sekretu horiek guztiak irakasteko prest dago Lasarte, azaroaren 8an zabalduko baita Sakanako Harri Jasotze Eskola.
Sakanako Harri Jasotze Eskola eta Zentro Teknikoa 2004/2005 denboraldian sortu zen, Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak bulkatuta. Helburua herri kirolak sustatzea da, eta, zehazki, harri jasotzean trebatu nahi dutenei bitartekoak ematea. Izan ere, harri jasotzean trebatzea zaila izaten da halako kiroletan aritzen den senitartekorik ez dutenendako, materiala lortzea eta irakasleak lortzea konplikatua baita. Zailtasun horiei irtenbidea emateko sortu zen Sakanako Harri Jasotze eskola, eta 2004 urtetik makina bat sakandar, larraundar eta iruindar pasatu da bertatik.
16 urtetik gorako neska-mutilek edo helduek eman dezakete izena Sakanako Harri Jasotze Eskolan. Izena ematea zabalik dago, Mank-eko Kirol Zerbitzuan (948 464 866 edo kirolak@sakana-mank.eus). Eskola antolatu ahal izateko Nafarroako Gobernuaren eta Irurtzungo Udalaren laguntza jaso du Mank-ek.
Hasieratik Irurtzunen bizi den Mikel Lasarte harri jasotzaileak du eskolaren ardura eta aurten ere bera izango da monitorea. Asteartetan emango dira klaseak, 18:30etik 20:00etara, Irurtzunen. Esan bezala, azaroaren 8an hasiko dira klaseak, ekainera arte luzatuko direnak. Behin izena emanda, derrigorrezkoa izango da klasera joatea. Harri jasotzea ez omen da gehienok pentsatzen dugun bezain gogorra. Hori dio Mikel Lasartek, eta kirol honetan interesa duten guztiei bertara jotzera animatu ditu.