Nafarroak Life-NADAPTA proiektuaren baitan aldaketa klimatikora egokitzeko neurriak ezartzeko ikerketa hasi du 154 udalerritan, tartean Sakanako hamabostak. Ibarreko udalerri guztiek bat egin dutelako Klima eta Energiarako Alkateen Itunarekin. Horregatik, foru administrazioak eginen dituen ezarri beharreko 18 ekintza planetako bat Sakanakoa izanen da.
Udalerri bakoitzak arintze eta egokitze eremuei buruz egiten duen azterketaren bidez, zenbait neurri prestatu eta aztertuko dira, Europar Batasunak 2030erako ezarritako arintze-helburuak betetzen laguntzeko. Helburu horietako bat da CO2 isuriak gutxienez %40 murriztea 2005. urtearekin alderatuta. Hori udal eremura eramanez gero eraikin, ekipamendu eta instalazioei, argiteria publikoari eta udal ibilgailuei eraginen die, baita herrietako etxebizitzei, etxeko hondakinei eta garraioari.
Egokitzapen neurriei dagokienez, udal eremuan klima aldaketak izan ditzakeen ebidentziak ebaluatzea izanen da neurri horien helburua, baita arrisku eta kalteberatasun posibleen balantzea egitea ere, Klima Aldaketari buruzko Adituen Gobernu arteko Taldeak ezarritako agertokien arabera, tokiko egokitzapen estrategia bat egin ahal izateko lehentasunezko ekintza-neurriak eta horien balorazio ekonomikoa zehaztuz.