Geroa Sozialberdeak alderdiak Konstituzio Kongresua abenduan egin zuen eta Uxue Barkos Berruezo du idazkari nagusi. Alderditik azaldu dutenez, “lurralde-ezarpenaren aldeko apustu zalantzarik gabea landu du, eta horren emaitza da bere hamabi eskualde batzordeen konstituzioa”. Haien artean Sakanako eskualde batzordea dago.
Alderdiak Nafarroako Biltzarra eginen du larunbatean. Batzar arteko Geroa Sozialberdeak-eko Batzorde Betearazlearen deliberazio, laguntza eta aholku politikoetarako gobernu organo horren lehen bilera izanen da. Alderditik azaldu dutenez, “Nafarroako Biltzarra sorkuntza, hezkuntza, hazkuntza eta garapen prozesu bizian murgilduta egon den urte baten ondoren eginen da”. Alderdiko exekutibako kideekin batera, larunbateko biltzarrean eskualdeetako mahai guztietako koordinatzaileak egonen dira presente. Eta haiekin batera, Geroak Sozialberdeak-eko alkateak eta senatariak egonen dira. Guztira 40 pertsona elkartuko dira.
Larunbatean, organoa bera osatzeaz aparte, “biltzarreko kideek alderdiaren egoera, bere estrategia ildoak eta helburuak antolakuntza mailatik partekatu eta aztertuko dituzte, bere ezarpen lurralde mailan sakontzen jarraitzeko zalantza gabeko erronkarekin. Orain, Nafarroa osoan banatutako hamabi batzordeek irudikatzen duten funtsezko tresnarekin”. Alderdiko bozeramaileek gaineratu dutenez, larunbateko bilkurak “egoera politikoa, erronka eta helburu politikoak deliberatzeko eta eztabaidatzeko ere balioko du, baita intereseko eta gaurkotasuneko gai desberdinak ere. Baita trantsizio energetikoa, eredu sozial eta ekonomikoa, herrigintza, autogobernua edo hizkuntza politika”.