Kultura eta Kirol kontseilari Rebeca Esnaola Bermejok, Vianako Printzea Erakundeko zuzendari nagusia Ignacio Apeztegia Morentinek eta Liburutegien Zerbitzu burua Asun Maestro Pegenautek liburutegietako katalogo publikoa elebitan ezartzeko eskaera jaso zuten apirilaren 21ean. Eskaera 22 eragilek egin zuten, besteak beste, euskara teknikariak, ikastola edo ikastetxeko zuzendariak, euskaltegiko zuzendariak, zein euskalgintzako bestelako eragileak. Eskaera egin zutenen artean Lakuntzako Herri Eskola dago.
Foru administraziotik erantzunik jaso ez dutenez, eskabidea berresteko beste pauso bat ematea erabaki dute eskatzaileek. Lastailaren 15ean beraien herriko liburutegira edota Nafarroako Liburutegi Nagusira bisita gidatua eskatuko dute. Baita hura euskaraz izateko eskaera ere eginen dute. Bisita horren bidez liburutegiak nola funtzionatzen duen jakinen dute bisitariek. Bisitan on lineko katalogoan bilaketak nola egiten diren ere erakutsi behar dute. “Eta euskaldunoi esanen digute bilaketa erdaraz egiteko?”, gaztigatu dute ekimenaren sustatzaileek.
Halako bisitak, erabiltzaileen prestakuntza edo ikasten ikasiz izenekoak, ohikoak dira ikastetxeetan. “Sarri ikastetxeetako gazteak eta haurrak joaten dira eta han ikasten dute nola funtzionatzen duen liburutegiak, materialak nola dauden antolaturik, eta, horra hor gakoa, nola erabili behar den lineako katalogo publikoa”, azaldu dute 22 eragileek.