Areto futbola

Nafarroako areto futbola, bueltan

Guaixe 2021ko urr. 1a, 09:00
Xotak San Juan izango du aurkari, bihar, larunbata, 19:45ean, Iruñean. ARTXIBOA

Gizonezkoen hirugarren mailan Aralar Mendik eta Xotak ligako lehen jardunaldia jokatu zuten asteburuan, eta emakumezkoen senior mailan, lehen mailan Xotak hiruna berdindu zuen Txantrearekin eta bigarren mailan asteburu honetan ekingo dio denboraldiari Xota B-k

Hasi da. Abian da 2021/2022 denboraldiko hirugarren Mailako Areto Futbol Txapelketa. Txapelketa hau estatu mailakoa da, eta Nafarroako taldeak zazpigarren multzoan lehiatuko dira. Hamabi talde dira guztia, tartean bi sakandar: Irurtzungo Xota eta Uharte Arakilgo Aralar Mendi. Haiekin batera, ondoko taldeek ekin diote ligari: Mateo Muñoz Ribera de Navarra, Ablitas, Universidad de Navarra, Tafa, Kirol Sport, San Juan, Olite, Gazte Berriak Antsoain Garvayo Chivite Cintruenigo eta Anaitasuna. 

Aralar Mendik etxean ekin zion ligari, zaleen babesarekin. San Juan taldea hartu zuten larunbat goizean, eta partida lehiatu eta entretenigarrian, garaipen zaporeko berdinketa lortu zuten uhartearrek. Jorge Mariñelarenak Aralar Mendi aurreratu zuen, baina Iruñeko taldeko Sergio Tuñonek bana berdintzea eta 1 eta 2 aurreratzea lortu zuen. Zorionez, Xabier Cruzek binakako berdinketaren gola sartu zuen eta puntu banaketarekin despeditu zen lehen jardunaldia. 

Xotak, aldiz, punturik gabe ekin dio denboraldiari. Etxean jokatu zuen Irurtzungo taldeak Ablitasen kontra, baina berdeek ez zuten zortea alde izan, 0 eta 5 galdu baitzuten Iñigo Muñozek (2), Ruben Arriazuk, Eneko Antonek eta David Carasusanek sartutako golengatik. 

Sailkapen orokorrean Mateo Muñoz Ribera de Navarra Tuterako taldea da 2021/2022 denboraldiko lehen liderra (3 puntu). Aralar Mendi seigarren postuan dago, puntu batekin, eta Xota hamaikagarren, punturik gabe. Larunbatean, 18:00etan, Zintronikon jokatuko du Aralar Mendik, Garvayo Chivite Cintruenigo taldearen kontra, eta Xotak San Juan izanen du aurkari larunbatean, 19:45ean, Iruñean. 

Emakumezkoen Senior Mailan ere martxan da Xota
Emakumezkoen Senior Mailako 2021/2022 Areto Futbol Txapelketa ere abian da. Bi maila izango ditu, lehen maila eta bigarren maila. lehen mailan Xota talde nagusia lehiatuko da, eta bigarren mailan Xota B. Bi talde irurtzundarrak izango dira ordezkari sakandarrak. 

lehen mailan Xota taldea ari da, ondoko taldeekin: Orbina, Mutilbera, Olite, Osasuna Futsal, Transportes AGR Ribera de Navarra, Txantrea, Carbayo Chivite Cintruenigo, Zumadia eta Tallaeres Recarte. Ligako lehen jardunaldian Txantrea izan zuten aurkari irurtzundarrek, eta hiruna berdindu zuten. Sailkapen orokorrean Orbina da lider (3 puntu) eta Xota zoztzigarren postuan dago, puntu batekin. Larunbatean, 11:00etan, Xotak Zumadia hartuko du, Atakondoan.

bigarren mailan, asteburuan hasiko da 2021/2022 liga. Orbina B taldea izango du aurkari Xota B-k, igandean, 10:00etan, Ezkaba kiroldegian.