Astekoa

Zinetarrak

Irailaren 25ean amaitu zen Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 69. edizioa. "Zinemira" atalean Kuartk Valley dokumentala aurkeztu zen, Kuartangon filmatu zen western generoko istorioa. 2005ean, Jose Luis Murgak eta Oier Martinez de los Santosek Arabako Kuartango bailarako herritar guztiak animatu zituzten Algo más que morir ("Hiltzea baino zerbait gehiago") izeneko western baten grabaketan parte har zezaten. Oztopo asko gainditu ondoren, filma Almeria Western Film jaialdian estreinatu zen eta sari nagusiak eskuratu zituen. Maider Oleaga zuzendariak Kuartk Valley metraje luzeko dokumentalean islatu zuen Arabako herri hartan western bat grabatzeko esperientzia bitxi hura. Filma Kuartangoko zinema eta bizilagunei egindako omenaldia da. Bertan erakutsi zuten esfortzua eta elkarlana islatzen duelako. 

Sakanan hainbat film grabatu dira. 70. hamarkadan Richard Lester zuzendariak Robin eta Marian pelikula grabatu zuen Urbasan. Horrez gain, Patton, filmaren zenbait eszena leku berean filmatu ziren. Urte asko geroago, Urbasan bertan "Sisters anaiak" (Sisters Brothers) ere filmatu zen Joaquin Phoenix protagonista bezala. Helena Taberna zuzendariak, Unax Ugalde aktorearekin batera, Marino Ayerra parrokoaren istorioa filmatu zuen Altsasun, La buena nueva filmean.

Altsasuko Iortia kultur etxean zine denboraldi berria hastear dagoenez, imajina dezagun bat-batean gure herria zine plato batean bihurtzen dela. Zer pelikula filmatu nahiko genuke? Kuartangon bezalako western bat, komediaren bat, ala amodiozko istorio bat? Eta, batez ere, zein pertsonaia interpretatu nahiko genuke?