Hala da, atzo, irailak 30, Batmanek 92 urte eta erdi bete zituen! Zorionak, Bruce Wayne jauna! Ulertzen dut ez dela oso data borobila, baina gaurko gaiaz hitz egiteko aitzakia paregabea da. Hain zuzen ere, nola da posible hainbeste denboraren ondoren tipoa inoiz baino famatuagoa izatea?
Beno irakurle maitea, erantzuna oso sinplea da: Bruce Wayne jauna marrazki bat besterik ez da.
Itxoin, itxoin. Irakurri berri duzuna agerikoa da eta txantxa dela ematen badu ere, horretan datza komiki amerikarren superheroi industria. Ez, ez dut gosaltzeko belar arrarorik edan, segi irakurtzen: Batman beti izango da Bruce Wayne, baina autore ezberdinek Bruce Wayne ezberdinak sortuko dituzte. Gidoilariek eta marrazkilariek batak besteari pasatzen diote Bruce Wayne, futbol pilota bat balitz bezala. Betiko xehetasun garrantzitsuenak errespetatuz, autore bakoitzak bere xarma emango dio pertsonaiari eta denboran zehar pertsonaia hau eboluzionatzen joango da, pixkanaka.
Haren lehengo komikietan Batman superheroi arrunta zen. Indartsua, abenturazalea, tipo jatorra. Halere, laurogei urte eta gero (eta Frank Millerren eskuetatik pasa ondoren, batez ere) gaur egungo Batman hotz, serio eta jenio txarreko antiheroia aurkitzen dugu. Gainera, Batmanek zorte ona izan du publikoaren gustukoa izan delako beti. Beste hainbat superheroi oso famatuak ziren haien garaian, eta orain inork ez ditu ezagutzen. Gambito izena noizbait entzun al duzu? Badira ere alderantzizko kasuak. Inork esango ez balu ere, filmetan agertu baino lehen, Iron Man mindundi hutsa zen! Eta haren trajea hozkailu baten bizkarra baino zakarragoa.
Azken finean, autore ezberdinek istorio ezberdinak sortzen dituzte eta superheroien unibertso hori beraiei esker da aberatsa. Askok esango dute gehiegizkoa dela, ez dagoela munduan denborarik dena irakurtzeko (eta nik arrazoia ematen diet), baina pentsa munduko paisaia guztiak ez ditugula bisitatzen, ederrenak baizik.