Automobilismoa

Urbasako Igoerarako prest

Guaixe 2021ko urr. 1a, 12:50
Iñigo Zelaia bakaikuarra ere aurten lehiatzekoa da.

Bihar, larunbatean jokatuko da 39. Urbasako Igoera. 13:00etan abiatuko da lehen entrenamendua eta haren segidan probako bi mangak etorriko dira. 100 pilotu daude izena emanda eta pandemiaren murrizketarik gabe, sekulako giroa espero da. Errepidea gaur, ostirala itxiko da, 19:00etan

Olaztin guztia prest dago larunbatean jokatuko den 39. Urbasako Igoera automobilismoaren festa handia izateko. Sakana Motorsport eskuderiako kideak muntaketa lanetan eta azken orduko xehetasunetan murgilduta daude dena behar bezala prestatzeko, eta gaur, ostirala, 19:00etan, Urbasako portua itxiko dute Foruzainek. 

Automobilismo proba honek milaka jarraitzaile biltzen ditu, eta ostiraletik aurrera Nafarroako Gobernuak pandemiagatik ezarritako murrizketak bertan behera utzi dituenez, oraindik ere festa giro beroagoa espero da. “Jendea aurretik gogotsu bazegoen, murrizketak bertan behera geldituko direla jakin zenetik, are gehiago. Festa handiagoa izango da oraindik” aipatu du Sakana Motorsporteko Raul “Patxu” Lopez Bartolomék. 

Sakana Motorsportek 2011nhartu zuen Urbasako Igoera antolatzearen ardura. Hortaz, 10. urtemuga ospatuko du eskuderia sakandarrak. Taldea berrindartu dute, emakumezkoak ere sartu dira klubera, eta giro ona dute. 

Aforoa beteta: 100 pilotu
Urbasako Igoera oso proba berezia da pilotuendako, proba kuttuna. Proba mitikoa da, erakartzen du, eta aurten ere bete egin dira antolakuntzak zehaztutako 100 tokiak. “100 autoren muga jartzen dugu, asistentziarako eta lasterketa ongi ateratzeko ez dagoelako toki gehiagorik, eta aurten ere 100 toki horiek bete egin dira. Oso kontentu gaude” azaldu du Raul Lopezek. 

Azken orduko aldaketarik ezean, igoerako azken edizioko txapeldunak, Garikoitz Flores lakuntzarrak (3:20.920), ez du parte hartuko, Espainiako Igoeren Kopan murgilduta dagoelako. Bera ez, baina hainbat sakandar egongo dira irteera puntuan: Iker Palacios (BRC B52), Iñigo Zelaia (Speed Car GT1000), Delfin Goikoetxea (PRM Proto Alpine), Josu Berastegi (Speed Car GT1000), Iban Lopez de Goikoetxea (Renault 5 GT Turbo), Urko Berdud (Renault Clio Sport), Arkaitz Irigoien (Renault Clio), Ander Gurmindo (Renault Clio Sport), Mikel Mendinueta (Peugeot 205 GTI), Iker Askargorta (Opel Astra), Eneriz Besga (Citroën Saxo VTS), eta Asier Lopez de Sabando (BMW E30), guztiak Sakana Motorsport eskuderiakoak. Arakil eskuderiarekin zenbait kidek ere parte hartuko dute, Sakana inguruko herrietakoak. 

Proba irabazteko faborito nagusiak Joseba Iraola (Nova Np01) eta Gerard de la Casa (Ford Fiesta) direla adierazi dute antolakuntzatik. Josu Berastegi urdiaindarrak auto ederra prestatu duela ere gaineratu dute, eta Iker Palaciosek eta Iñigo Zelaiak ere auto onak dituztela. Gainontzeko pilotuak ere dena ematera aterako dira, eta lehia eta ikuskizun handia espero dira. 

Raul 'Patxu' Lopez: "Joseba Iraola eta Gerard de la Casa dira faboritoak: gero, ikusiko da"



5,93 kilometroko igoera

Olazti eta Zudaire arteko NA-718 errepidean jokatuko da proba, 38,050 km puntutik 32,120 km puntura. Hau da, ibilbideak 5,93 km eta 285 metroko desnibela du, eta Olaztitik Urbasako portua igo arte jokatuko da. Lehen zatia oso azkarra da, eta bigarren zatia, aldiz, teknikoagoa da, bihurgunez betetakoa. Probak trazatu hau duenetik Iñigo Martinezek du Formulen kategoriako errekorra (3:02.11, 2004 urtea), eta Joseba Iraolak CM mailako errekorra (3.13.821) eta turismo mailako errekorra (3.26.775). Urbasako Igoera Nafarroako Mendi Igoeren Txapelketarako, Nafarroako Junior Mailako Mendi Igoeren Txapelketarako eta Errioxako Mendi Igoeren Txapelketarako puntuagarria izango da eta hainbat kategoriatan jokatuko da. 

Parke naturala zaintzeko deia
Urbasa parke naturala da, eta antolakuntzatik zentzuz jokatzea eskatu diete Urbasako Igoera jarraitzera bertaratuko diren zaleei. Bezperatik igoko direnei, antolakuntzak zehaztutako eremuetan aparkatzea eta Urbasa-Andia natur parkea behar bezala zaintzea eta garbi izatea eskatu diete. Eta egunean bertan hurbilduko direnei, berdin. “Ingurunea errespeta dezatela, eta sortzen duten zaborra gero bildu eta eraman dezatela. Parke naturala zaindu beharra dugu, ezin da guztia hankaz gora utzi” diote Sakana Motorsportekoek. Halaber, antolakuntzari eta komisarioei kasu egitea eskatzen die antolakuntzak zaleei, eta proba baimendutako tokietatik jarraitzeko deia egin diete, segurtasuna bermatzeko eta inolako arazorik gerta ez dadin. Eta, jakina, motorraren festa izango denean “lasterketaz goza dezatela eta ongi pasa dezatela” opa diete automobilismo zaleei. 

Beste xehetasun batzuk
Gaur, ostirala, 16:30etik aurrera proban parte hartuko duten autoen egiaztapenak hasiko dira, Clinker jatetxe parean. Larunbatean, 13:00etan, lehen entrenamendu ofiziala izanen da, eta segidan, probako bi txanda ofizialak jokatuko dira. Bukaeran, 19:30ak aldera izango da sari ematea, Clinker parean. 

ariei dagokienez, scratch edo sailkapen absolutua sarituko da, kategoria bakoitzeko onenak, lehen pilotu junior nafarra, eta Sakana Motorsport Trofeoa, pilotari sakandar onenak. 

Mitikoa
Real Automovil Club Vasco Navarrok antolatu zuen lehen Urbasako Igoera, 1968an. 43 piloturen artean Claudio Aldecoa gasteiztarra gailendu zen. Pilotu sakandar aitzindariak Jose Luis Goikoetxea iturmendiarra eta Fernando de Felipe altsasuarra izan ziren. Lasterketaren urrezko urteak 70. hamarkadakoak izan ziren.