Presoak etxeratzeko eskatu du Sarek

Guaixe 2021ko urr. 1a, 13:05

Sarek antolatutako Nafarroako Itzulia Ekai paretik pasatzen.

Sarek antolatutako ibilaldian makina bat sakandarrek parte hartu zuten atzo. Nafarroako Itzulia larunbatean bukatuko da. Sarek dei egin du Iruñeko Cuatro Vientostik Berriozarrera arteko manifestazioan parte hartzeko. 17:00etan abiatuko da.

Ibilian-ibilian, etxerako bidean. Mezu hori zabaldu nahi du Sarek antolatu duen Nafarroako Itzuliarekin. Herenegun Lesakan hasi zen eta bihar Berriozarren bukatuko da. 352 km-ko ibilbide horretatik sakandarrek 45 egin zuten atzo ibarrean eta Andian. Antolakuntzatik esan zutenez, “sakandarrek erantzun ona eman zuten. Oso ongi joan zen dena, garaiz egin ziren lekuko aldaketak”. Ibilbidea Fran Balda hil zen tokitik pasa zen eta bertan omenaldia egin zuen Sarek. Izan ere, arbizuarra Sareko kidea izateaz aparte, bera izan zen itzulia egitearen ideia izan eta bultzatu zuena. 

Sarek antolatutako Nafarroako Itzuliak “presoak etxeratzeko prozesuari bultzada” eman nahi dio, “ulertzen baitugu prozesu hori ezinbesteko ekarpena dela bizikidetza demokratikoaren esparru bat sendotzeko eta, horri esker, indarkeriak eta sufrimenduak markatutako ziklo historiko luze bat ixteko”. “Nahi bezain azkar ez bada ere”, espetxe politikan pausoak ematen ari direla onartuta ere, Sareko kideen iritziz, “une historikoa da, presoek espetxea atzean utzi eta etxera bueltatzeko prozesuari ekitekoa. Iraganeko zauriak ixteko eta etorkizuneko bideak jorratzeko garai historikoa iritsi da”. 

Horretarako, “oraindik nagusi den salbuespen politika” traba dela eta, “behin betiko konponbideari begira legea modu proaktiboan aplikatzea” eskatu dute Sarekideek, “aukerak badaudelako presoak etxeratzeko”. Horretarako, “gobernuari pauso ausartenak emateko eskatzen ari gatzaizkio, borondate politikoa izan dezatela espetxe politika salbuespen legeditik kanpo uzteko”. Presoekin batera, iheslari eta deportatuak etxeratzeko bidea aldarrikatu zuten.