Pentsio duinen alde, kalera!

Guaixe 2021ko urr. 1a, 14:09

Sakandarrak pentsio duinen aldeko aldarrikapenarekin bat egitera gonbidatu dituzte.

Larunbatean, 18:30ean, Altsasuko Foru plazatik. Hurrengo lau astelehen eguerditan Altsasun kontzentratutakoek beraien aldarrikapenak argindar enpresa, osasun departamentu eta banketxetara eramanen dituzte.

Asteartean Europako Parlamentuaren aurrean bezala, larunbatean Altsasuko kaleetan pentsio duinen aldeko aldarrikapenak entzunen dira. Adinekoen Nazioarteko Eguna dela eta, pentsio duinen aldeko mugimenduak manifestazioan parte hartzera deitu du. Pentsio duinak bermatzen dituen sistema publiko bat defendatzeko deia da larunbatekoa. Pentsiodunen mugimenduko kideen iritziz, hori lortzeko “Europako eta Estatuko estrategiak errotik aldatu behar dira”. 

Haien iritziz, “Europar Batasunaren oinarrizko eskubide gisa blindatu beharko lirateke pentsio publikoak, bidezkoak eta nahikoak bermatzea, bizi baldintza duinak eta autonomoak lortzeko”. Europako Gutun Sozialaren balioa indartzea ere nahi dute, “gutxieneko pentsioa eta soldata herrialde bakoitzaren bataz besteko soldataren %60 izatea bermatzeko, eta pentsioen balio handitzea automatikoa bermatzeko, gutxienez benetako Kontsumo Prezioen Indizea”.

Pentsiodunek Bruselan bezala, Altsasun ere aldarrikatuko dute “osasun eta dependentziaren arretarako kalitatezko zerbitzu unibertsalak izateko nahikoa finantziazio” bideratzea. Horretarako, Europako Funtsak helburu horiei begira jartzea nahi dute, baita egun sustatzen ari diren pentsioei buruzko araua indargabetzea ere. Azkenik, “zerga paradisuekin bukatzeko neurri eraginkorrak eskatu dituzte”. 

Aldarrikapen astelehenak 
Sakanako pentsiodunen mugimenduak astelehen eguerdiro kontzentrazioa egiten du Altsasun. Lastaileko astelehenak hainbat errealitate salatzeko baliatuko dituzte. Heldu den astelehenean argindarraren garestitzeagatik protesta eginen dute, “prezio horiek premiak asetzeko oinarrizko kontsumoa txikitzen dutelako”. Oligopolio elektrikoari eskua sartzeko eskatuko dute. Horren berri emanez argindar enpresa baten bulegoan gutuna aurkeztuko dute. Bigarren astelehenean osasun etxea izanen da helmuga. Aurrez aurreko arreta eskatuko diote Nafarroako Gobernuari. 

Hurrengo bi astelehenetan haien mezua bankuen eta kutxen bulegoetan utziko dituzte. Azaldu dutenez, “egunetik egunera etekin gehiago biltzen baitituzte eskaintzen diren zerbitzuak hondatzen dituzten bitartean. Kreditu eta hipotekekin gehiegikeriaz jokatzea, komisioen kobrantza handitzea, aurrez aurreko arreta zerbitzuak murriztea, hori guztia milaka lanpostu suntsitzearekin batera, egunero sufritu behar izaten dugun ogia da”.

Egutegia 

  • Lastailak 4, astelehena 
    12:00 Argindarraren igoera salatzeko ibilaldia. Zumalakarregi plazatik Iberdrolaren bulegora. 
  • Lastailak 11, astelehena 
    12:00 Aurrez aurreko osasun arreta eskatzeko ibilaldia. Udaletxe paretik osasun etxera. 
  • Lastailak 18, astelehena 
    12:00 Bankuetan aurrez aurreko arreta zerbitzua eskatzeko ibilaldia. Zumalakarregi plazatik San Joan kalera. 
  • Lastailak 25, astelehena 
    12:00 Bankuetan aurrez aurreko arreta zerbitzua eskatzeko ibilaldia. Udaletxe paretik Erkuden kalera.