Hainbat arrazoirengatik haien txanda iritsi zenean COVID-19 gaitzaren kontrako txertoa jarri ez duten pertsonak daude. Txertatzeko bigarren aukera emanen du Osasunbideak. Txertoa jartzeko zain dauden pertsonek erizaintzako profesionalaren telefono dei bat jasoko dute, txertoa emateko eta txertoa hartzeko lekuaren berri emateko. Txanda emateko 09:00etatik 15:00etara hots eginen dute.
Txertaketa txanda horren barruan ostiraletan Irurtzun eta Altsasu txandakatuko dituzte. Leitza, Irurtzun, Etxarri Aranatz eta Altsasu osasun eskualdeetako pertsonak deituko dituzte txertatzera. Aurreko ostiralean Irurtzunen izan ziren eta etzi Altsasun. Gainera, Aita Barandiaran adinduen egoitzan bizi diren pertsonek dosi gehigarria jaso zuten joan den irailaren 22an. Dosi gehigarria jasoko dute arrisku oso handiko baldintzak dituzten pertsonek ere.
Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko arduradunek esan dutenez, “COVID-19 kasuen intzidentziaren egungo jaitsiera herritarren txertaketari esker lortzen ari da, haren eragina iraunkorra baita, eta gaitzaren aldaerak gure ingurunean zabaltzeko gaitasuna agortzen ari baita”. Era berean, adierazi dute: “baliteke COVID-19k urtaroko uhin moduan zirkulatzen jarraitzea, beste arnas birus batzuek egiten duten bezala, baina, ziurrenik, osasunean eragin txikiagoa izanen dute, txertoen estaldura handiari eta herritarrek beste prebentzio neurri batzuk aplikatzeari esker”.
Prebentzio neurriak honakoak dira: beharrezkoa da 1,5 metroko distantzia fisikoa mantentzea beste pertsona batzuekiko; maskara behar bezala erabiltzea sudurra, ahoa eta kokotsa estaliz; aire zabaleko jarduerak eta barnealdeetako aireztapen etengabea lehenestea; kontaktuak murriztea, ahal den neurrian; eskuak maiz garbitzea; eta beste pertsona batzuekin kontakturik ez izatea COVID-19rekin bateragarriak diren sintomak izanez gero, PCR proba proba baten emaitzaren zain badaude, edo berrogeialdian badaude.
Institututik azaldu dutenez, “Nafarroan, COVID-19ko txertoen batez besteko eraginkortasuna %62koa da dosi batekin eta %73koa kasu sintomatikoak prebenitzeko jarraibide osoarekin, eta %80koa dosi batekin eta %92koa txertaketa osoarekin COVID-19ko ospitaleratzeak prebenitzeko. Zainketa intentsiboetako unitateetan ospitaleratzeak eta heriotzak saihesteko txertaketa osoaren eraginkortasuna %90etik gorakoa da”. Txertoaren ondorio zuzenengatik 12.700 infekzio sintomatiko baino gehiago, 2900 ospitaleratze, 310 ZIUn eta 1300 heriotza saihestu direla aurreikusi dute. Inpaktu horri gehitu behar zaio koronabirusen zirkulazioa murrizteko zeharkako efektua, biztanleriaren immunitatea dela eta.