Nafarroako Osasun Publiko eta Lan Osasuneko Institutuan atxikita dago Nafarroako Osasun Eskola. Bere egitekoa da herritarren osasuna hobetzea eta nafarrek beren burua zaintzea bizitzako etapetan eta hainbat osasun-arazoren aurrean. Horretarako, tailerrak eskaintzen ditu. Udazkenerako iragarri dituen aurrez aurreko hamalau tailerretatik lau Sakanan izanen dira. Adituek gidatuko dituzte tailerrak eta parte hartzaileak izanen dira. Tailerretan edukiera, distantzia eta gomendatutako neurriak bermatzen dira.
Osasun Eskolak bere baitan hiru eskola ditu: Pazienteen Eskola, beste pertsona batzuk zaintzen dituzten pertsonei eta gaixotasun kronikoak dituztenei zuzendutakoa; Adinekoen Eskola, 60 urtetik gorakoei zuzenduta eta Guraso Eskola, 3 eta 12 urte bitarteko haurren gurasoei zuzendutako bi tailer izango dituena. Sakanan azken bi eskoletako eskaintza izanen da.
Adinekoen Eskola
60 urtetik gorako pertsonei zuzendutako eskolak bi tailer eskainiko ditu Irurtzunen, San Martin jubilatu elkartean. Lehenengoak, zahartze osasuntsua sustatzen duen tailerra da, eta lau saio ditu eta lastailaren 18an, 20an, 25ean eta 27an izanen da, astelehen eta asteazkenetan, 17:00etatik 19:00etara. Gainera, bizitzako etapa horretan sexualitateari buruz hausnartu nahi duten pertsonei zuzendutako afektibitate eta sexualitate saioa azaroak 15erako, astelehenerako, iragarri dute Irurtzunen, 16:00etatik 19:00etara.
Guraso Eskola
3 eta 12 urte arteko seme-alabak dituzten gurasoei zuzendutako bi tailer izanen dira Burundan. Haien helburua da egunerokotasuna erraztuz, gurasoei hezkuntza eta babes eginkizunetan laguntzea, esperientziak partekatzea eta baliabideak ikastea. Bi tailer horietako lehena Altsasun eginen da lastailaren 20an, 27an eta azaroaren 3an eta 10ean, asteazkenak, 16:30etik 18:30era, Iortia kultur gunean. Eta Olatzagutian, azaroaren 5ean, 12an, 19an eta 26an, ostiralak, 10:30etik 12:30era, Akelarre udal ludotekan.